Beste ikasketa batzuetan ez bezala, antropologia ikasgeletan hainbat diziplinek bat egiten dute. Ikasgeletatik kanpo, antropologiaren jardunean komunikazio eta publizitate lizentziadun bik arkitekto tekniko batekin topo egin eta ikerketa berean murgiltzea ez da ezinezkoa. Eta ezinezkoa ez denaren froga da Uzuri Aboitizek, Luxia Iriondok eta Beñat Garmendiak osatutako taldea. Lehenengo biak komunikazio eta publizitate lizentziadunak dira, eta Garmendia arkitekto tekniko ordiziarra da. Hiruen artean Ordiziako azoka, kasu etnografiko bat ikerlana burutu dute. Gerriko Bekari esker egindako lanean Ordiziako azokarien jarrera ekonomikoak aztertu dituzte, eta aldagai ekonomikotik abiatuta azokako saltzaileen portaera sozialei eta kulturalei erreparatu diete. Ikerlariek Ordiziako azokan astero-astero elkartzen diren aktoreen portaerak deskribatu eta aztertu nahi zituzten. Landa lana garatuz joan ziren heinean ikerketa objektua zehaztu, eta jarrera ekonomikoetatik abiatzea erabaki zuten. Ikertu dituzten alderdi nabarmenenak honakoak dira: azokarien ekoizpen logikak, azokariek nola ezartzen dituzten prezioak, erosleen eta azokarien arteko harremanek nola eragiten duten prezio sisteman, produktuak neurtzeko erabiltzen diren sistemak eta sexuaren araberako lan-banaketa. Bidean, Karl Polanyi antropologoaren lana izan dute oinarri. Polanyi-k ekonomia prozesu sozialen barruan txertaturik ageri dela zioen, eta hiru ikerlariek Ordiziako azokari buruz egindako ikerketa etnografikoan maila ekonomikoan gertatzen diren alderdiak aldagai sozialei, politikoei eta kulturalei lotuta agertzen direla frogatu dute. Kontakizun konplexua Azokarien portaera [...]