Gerturatzen ari da azkenaldian ahoz aho, egunkariz egunkari eta auzitegiz auzitegi ibili den eguna. Etzi bertan da A-9a, azken urteetan data garrantzitsu guztiek bezala dagoeneko laburdura duen eguna. Ezustekorik ezean, kataluniarrek euren burua estatu espainiarretik kanpo nahi duten ala ez esateko aukera izango dute etzi, Artur Mas presidenteak deitutako kontsulta alternatiboan. Alternatiboa, hasierako galdeketa bertan behera uzteko agindua eman baitzuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. «Ez dakigu azkenean zein egitura izango duen galdeketak, baina, nire ustez, parte hartze handia izango da, eta estatu berri bat sortzearen aldeko jarrera nagusituko da», adierazi du Andoni Santoyo ordiziarrak. 22 urte daramatza Bartzelonan bizitzen; soinu teknikari ikastaro bat egitera joan zen, Goierrira itzultzeko asmotan, baina han geratu da lana eta bikotea aurkituta. Etziko galdeketan parte hartuko du Santoyok. «‘Si i si per canviar-ho tot’ izango da nire aukera: bai eta bai, dena aldatzeko». Eta gehiengoaren aukera ere horixe izango dela uste du. «Jendea aspertuta eta nazkatuta dago Espainiatik jasotako mespretxuarekin», adierazi du. «Jendea aspertuta eta nazkatuta dago Espainiatik jasotako mespretxuarekin» Andoni Santoyo (Bartzelonan bizi den ordiziarra) Bartzelonan daramatzan 22 urteetan aldaketa handiak nabaritu ditu Santoyok. Hasieran, hara joan zenean, konturatu zen sentimendu kataluniarra Diada edo Sant Jordi egunetan baino ez zutela aldarrikatzen. «Euskal Herrian eguneroko kontua zen, kalean [...]