18. Korrikak astebetean bigarren bisita egin du Goierrira; joan den ostegunean Goierri beheko herrien txanda izan bazen, bart gauean Urretxun, Zumarragan eta Legazpin barrena ibili da euskararen aldeko lasterketa herrikoia. Guztira 17 kilometroko ibilbidea egin du, Deskargako portutik Udanako gaineraino. Tartean, ordea, 35 elkarte eta erakunde ezberdinek eraman dute lekukoa. Korrika goizaldeko ordu txikietan pasa bada ere, jendeak erantzun zabala eman dio aurten ere.
Korrika iritsi da Goierrira eta eskualdea zeharkatzen ari da. Gauez eta euripean iritsi bada ere, jende askok eman dio babesa euskararen aldeko lasterketa erraldoiari. Iluntze partean sartu da Korrika Goierrin, Legorretatik. Itsasondo pasata, Ordiziara iritsi da gero, eta handik Zaldibiara. Lazkaomendiko maldak pasata, Lazkaoko herrigunean sartu da 21:45 inguruan, hamar bat minutuko atzerapenarekin. Handik, Olaberria aldera egin du, eta Ihurretik barrena, Beasain, Ormaiztegi, Mutiloa, Zerain eta Segura zeharkatuko ditu; Zegamatik pasa ondoren, Nafarroa aldera joango da Korrika. Goierri Garaiko herriak berriz, datorren asteazkenetik ostegunerako goizaldean pasako ditu.
Asteburuan, Korrikaren aldeko eskualdeko afaria egin zuten Beasainen. 150 bat lagun bildu ziren, giro onean. Aurrena, lehiaketa gastronomikoa egin zuten, eta Goierriko 12 elkartek parte hartu zuten. Saria, Legorretako Aldapa Haundi elkarteak irabazi zuen. Lehiaketaren ondoren, afaria eta dantzaldia egin zituzten, Aiko taldeak lagunduta. Azken horretako irudiak, bideo batean bildu ditu Iñaki Andresek.