Andoni Aizpuruk 'Gailurra' telebista saio berria aurkeztuko du
Bertatik Bertara saioan edota eguraldiaren iragarpenetan ezagutu dugu orain arte Andoni Aizpuru telebista aurkezle gabiriarra. Uda honetan, ordea, abentura berri bati ekin dio. Irati Anda eskalatzailea lagun duela, Euskal Herriko mendi ezagunak igoko dituzte, Gailurra saioan. Irailaren erdi aldetik aurrera hasiko dira saio berriaren lehen denboraldia ematen. Orain arte 7 saio grabatu dituzte, eta aurrenekoa, Txindoki mendira egindako igoerakoa izango da. Haren atzetik emango dituzte Gorbeia, Orhi, Beriarin, Peña del Castillo, Anboto eta Hernio mendietakoak.
Prime Time Media ekoiztetxeak egin du saioa, eta ohiko kamerez gain, Drone bidez hartutako aireko irudiak ere eskainiko dituzte. Aizpuru eta Anda, tokian tokiko mendizaleek lagunduta igoko dira gailurretara, eta zenbaitetan, 30-35 laguneko taldeekin ere joango dira. Mendi horiekin lotura berezia duten herritarren testigantzak ere bilduko dituzte saioan.














