
Beasain Kirol Elkartea Loinatz futbol zelaiko belarra aldatzen ari da. Eta ez dute edozein belar jarriko; Anoeta zelaitik espreski ekarritakoa erabiliko dute. Kasualitatez gertatu da kontua. Denboraldi bukaera izanda, Loinatz zelaiko belarra hondatuta zegoen, eta aldatzeko asmotan zebiltzan klubekoak. Hortan zeudela, Realak Anoeta zelaiko belarra aldatu behar zuela jakin zuten, eta Donostiako klubarekin harremanetan jarri ziren. Garraioa bere gain hartzearen truke, doan eskaini zien Realak Anoetako belarra. Beasaindarrek aukera hori aprobetxatu Donostiatik ekarri dute zelaia atonduko duen belarra. Irudietan ikus daitekeen moduan, zilindro moduko batzuetan bilduta ekarri dute. Egunotan ari dira belar berria kokatzen.