Argiñano, Simpson erara
Kantari, txisteak kontatzen, kantuan, dantzan, mozorrotuta… gisa guztietara ikusi izan dugu Karlos Argiñano, telebistako sukaldaririk ezagunena. Orain berriz, marrazki bizidun itxura hartuta dator. Beasaindarra dagoeneko prest dago Antena 3 telebista kateko bere saioaren denboraldi berri bati ekiteko. Saio horren sarrera edo hasierako ‘kareta’ egiterako garaian, The Simpsons telesail ezagunean oinarritu dira, Argiñano bera kantuan dela.
Karlos Argiñanok 26 urteko ibilbidea egin du dagoeneko telebistan, eta urtez urte, audientzia datu onak lortu izan ditu bere saiorekin. Iaz, esaterako, egunero 600.000 ikusle inguru izan zituen, bataz beste.













