Ehunmilak lasterketaren oihartzuna, Japoniaraino
Nazioartean gero eta sona handiagoa du Ehunmilak ultratrail probak. Aurten nazioartetik etorritako 50 korrikalari izan dira hiru probetan.
Nazioartean gero eta oihartzun handiagoa dute Goierrin egiten diren mendi lasterketek. Zegama-Aizkorri probari, esaterako, jarraipen zabala egiten diote beste herrialde batzuetan. Eta bide beretik doa Ehunmilak ultratrail proba ere. Egunotan, DogsorCaravan lasterketa eta mendi proben inguruko Japoniako webguneak eman du lasterketaren berri.
Ehunmilak probak atzerrian duen oihartzunaren beste seinale bat da nazioartetik etorritako korrikalari kopurua. Ehunmiletan, 34 atzerritarrek parte hartu dute, G2Hn 13k eta beste 3k Marimurumendi proban. Besteak beste, AEB, Txina, Suedia, Venezuela, Belgika, Portugal, Erresuma Batua, Polonia, Hungaria edota Danimarkako parte-hartzaileak izan dituzte.
Japoniatik bertatik etorritako korrikalari bat ere izan da aurten Ehunmilak proban. Nariyuki Matsuzawa du izena; ez zuen proba amaitzea lortu, Lizarrustira iritsi baino lehen erretiratu baitzen.













