Elur kota 500-600 metroraino jaitsiko da asteburuan
Bukatu ziren abenduko udaberri giroak. Gaurtik aurrera negu giro betean sartu gara, Euskalmet metereologia agentziak iragarri duenez. Ipar-mendebaldeko haizea sartuko da, eta arratsaldetik aurrera, hoztera egingo du. Prezipitazio handirik espero ez bada ere, elur kota 1.000 metrotan kokatuko da gaur. Gauean, izotza ere egingo du mendi inguruetan.
Bihar ere zerua estalita egongo da egun osoan, eta tarteka, zaparrada txikiak bota ditzake, baita trumoi ekaitzak ere. Tenperaturak ere baxutik joango dira goizean zehar, eta eguerdirako, elur kota 600-800 metrora jaitsiko da. Arratsaldean tenperaturek beherako bidean jarraituko dute, eta baliteke ekaitz guneetan elur kota 500 metroraino ere jaistea.
Elurrari dagokionean, ordea, ostiral iluntzetik larunbat goizera bitarteko tartea izango da kontutan hartu beharrekoa. Gauean eta goizean zehar 500-600 metro artean egongo da kota, eta baliteke tarteka beherako ere egitea. Ez da prezipitazio askorik espero, ordea, eta zenbait tokitan zuritu lezakeen arren, ez da luzerako izango.














