
UPyD alderdiak Gipuzkoako udal administrazioak murriztea proposatu du, asteburuan Donostian egindako agerraldian. Hala, egun Gipuzkoak dituen 89 herrietatik gehienak desagertu egingo lirateke, 18 udalerritan gelditu arte. Banaketa horren arabera, udalerri guztiek 20.000 biztanletik gora izango lituzkete; horrela, “eraginkortasun eta efikazia handiagoa” lortuko lukete udalek, UPyDren arabera, eta “herritarrei zerbitzu publiko hobeak” eskainiko lizkiekete.
Proposamen horren arabera, Goierri hiru udalerritan banatuko litzateke: Beasain, Ordizia eta Zumarraga. Horrenbestez, egungo 22 herrietatik 19 desagertu eta aipatutako hiru horien administraziopean sartuko lirateke. UPyD alderdiko Gorka Maneirok, Gipuzkoa nola geldituko litzatekeen azaltzen duen mapa zabaldu du sare sozialetan.