
Goierriko Hitzak 1.500 jarraitzaileko muga gainditu du Twitter sare sozialean, eta esker ona agertu nahi die txiolari eta jarraitzaile guztiei. Sare sozialen aldeko apustua aspaldi egin zuen Hitzak, eta urtez urte, jarraitzaile gehiago lortzen ari da. Facebook-en ere, 3.000 jarraitzaileko mugara iristetik gertu dago, eta denon laguntzarekin, muga hori ere berehala gainditzea espero da.
2005ean egin zuen Goierriko Hitzak Interneterako jauzia, eta 2008az geroztik, Twitter eta Facebook sare sozialetan ere badago. Egungo komunikabideen eta informazioaren kontsumoaren joerak ikusita, gero eta garrantzia handiagoa du sare sozialetan presentzia izateak. Izan ere, urtetik urtera gero eta gutxiago dira webguneetara zuzenean sartzen diren erabiltzaileak, eta gehiago albisteetara sare sozialen bidez sartzen direnak.
Lortutako kopurua ez da makala, baina gehiago izan gaitezke. Euskarak eta euskarazko komunikabideek denon laguntza eta zabalpena behar dute. Horregatik, txiolari guztiei, Hitzaren albisteen zabalkundean laguntzeko eskaera luzatzen zaie; horrez gain, beraien informazioei zabalpena emateko, beraien txioetan @goierriHitza -ri aipamena egitea besterik ez dute.