Gorrotoaren kontrako kanpaina sarean
SOS Arrazakeriak Interneten aurreiritziei eta gorrotoaren diskurtsoari aurre egiteko kanpaina hasi du. “Gorroto-krimenak eta gorrotoaren sustatzea zuzenki daude lotuak. Eta biek dute izugarrizko eragina biktimengan: hitzek eragina dute eta maiz talde gutxituen eta etorkinen kontra erabiltzen diren armak bilaka daitezke sare sozialetan”, azaldu du Gipuzkoako SOS Arrazakeriak. Hori dela eta, gorrotoaren kontrako kanpaina abiarazi du #stopgorrotoarendiskurtsoari lemapean.
Gipuzkoako SOS Arrazakeriak gorrotoaren diskurtsoak atzeman, ekidin eta aurre egitea PRISM egitasmoan parte hartzen du. Europa mailako bost herrialdetan dago martxan PRISM proiektua: Italian, Frantzian, Errumanian, Erresuma Batuan eta Espainiar estatuan. Euskal Herriari dagokionean, SOS Arrazakeriarekin batera, EHU, Hamaika TB, Berria taldea eta eskualdeetako HITZA egunkariak ari dira kanpaina zabaltzeko laguntza ematen.













