Herriko arazoak sakelakoan
Segurako Udalak ‘Horkonpon’ sakelakorako aplikazioa jarri du martxan, herritarrek herrian ikusitako matxuren berri emateko .Modu anonimoan bidali daitezke kexak
Bazoaz erosketak egin eta presaka etxera, eta hara non ohartzen zaren plazako zakarrontzia haizeak bota duela. Edo bazoaz lanera autoan, eta bidegurutzeko ispilua behar ez den lekura begira dagoela ohartzen zara. Edo kale argiak ez dira pizten, edo parkeko bankuari ohol bat falta zaio… egunero ikusten dira halakoak herrietan. Kontu txikiak, baina egunerokotasunean eragina dutenak dira. Bada, Segurako Udalak, horrelako matxuren berri emateko sakelakorako aplikazioa jarri du martxan.
Horkonpon izena du aplikazioak, eta Kubbit enpresak garatu du. Aplikazioaren bidez, kalean ikusitako arazoen berri eman diezaiokete herritarrek udalari, oso modu errazean. Nahikoa da matxuraren argazki bat ateratzea, nahi izanez gero ohar bat gehitzea, eta Horkonpon-en bidez bidaltzea. Jakinarazpena udaletxeko helbide elektronikora iristen da zuzenean. «Behin abisua jasota, dagokion brigadari bideratuko diogu», azaldu du Eluska Gerriko Segurako alkateak.
Aukera dago argazkia bakarrik bidaltzeko, edota oharra bakarrik. Dena den, gero eta informazio zehatzagoa, hobe. Mugikorreko GPSaren bidez, gainera, argazkia atera den toki zehatzaren berri emango dio aplikazioak udalari. Horretarako, ordea, garrantzitsua da argazkia atera den leku beretik bidaltzea, GPS datuak zuzenak izan daitezen.
Era anonimoan bidal daitezke kexak Horkonpon-en bidez. Identifikazio datuak (posta elektronikoa edo telefonoa) emanez gero, berriz, udala bidaltzailearekin harremanetan jarriko da arazoari emandako irtenbidearen berri emateko, edo, beharrezkoa balitz, informazio zehatzagoa eskatzeko.
Zuzeneko harremana
Gerrikoren ustez, Horkonpon aplikazioa tresna erabilgarria izan daiteke udaletxearentzat. «Teknologia berriak baliatuz herritarrekin zuzeneko harremana lortu eta ahalik eta erantzun azkarrena ematea da helburua», azaldu du. Dena den, Segurako Udalak ez du oraindik aplikazioaren bidezko jakinarazpenik jaso, beharbada, herritarrek oraindik ez dutelako aukera honen berri izan.
Segura Goierriko lehen herria da aplikazio hau martxan jartzen, baina Gipuzkoako beste herri batzuetan erabil daiteke, esaterako, Irunen eta Tolosan. GPS seinalearen bidez, aplikazioak dagokion udalari bidaltzen dio jakinarazpena.













