Hitzaren APPostua: 3.000 baietz!
Eskualdeetako HITZA egunkariek sakeleko telefonorako nahiz tableterako aplikazio berria sortu dute. Doan deskargatu daiteke, webgunean nahiz mugikorretik bertatikTeknologia berriek eta Internetek goitik behera aldatu dute gure bizimodua azken urteotan,...
Eskualdeetako HITZA egunkariek sakeleko telefonorako nahiz tableterako aplikazio berria sortu dute. Doan deskargatu daiteke, webgunean nahiz mugikorretik bertatik
Teknologia berriek eta Internetek goitik behera aldatu dute gure bizimodua azken urteotan, eta baita komunikabideena ere. Egunero sortzen dira erronka berriak, eta berrikuntzaren bidez hauetara egokitzea da euskarazko komunikabideen eguneroko desafioa. Bide horretan HITZAk pauso berri bat eman du, sakeleko telefonoetarako APP edo aplikazio berria sortuta. Eta erronka bat jarri dio bere buruari: baietz 3.000 deskarga lortu. Doakoa da eta gaurtik aurrera deskargatu daiteke, webgunetik nahiz sakelekotik. Eskualdeetako HITZA egunkariek aspaldi egin zuten Interneterako jauzia, eta azken diseinu aldaketekin batera, webgunea mugikorretarako egokitu zen. Akting etxeak garatu duen aplikazio honek, ordea, hainbat abantaila eskainiko dizkio erabiltzaileari. Batetik, sakeleko telefonoan zein tabletean, botoi bakarrean sarbide zuzena izango du, eta bere eskualdeko albisteak modu erraz eta arinean ikusteko aukera eskainiko dio. Horrez gain, garrantzia berezia eman nahi zaio agendari; eskualde bakoitzeko ekitaldien zerrenda filtratzeaz gain, geolokalizazioaren bidez ekitaldi bakoitza zein tokitan den aurkitu ahal izango da. Azken orduko albisteak eta unean uneko jakinarazpenak ere eskainiko ditu; aukera hori, nahi duenak aktibatu dezake. Behin aplikazioa jaitsitakoan, erabiltzaileak bere eskualdeko albiste eta ekitaldiak bakarrik filtratzeko aukera izango du hasierako ezarpenetan. Baina hala nahi duenean, HITZA guztietakoak edo beste eskualde batekoak ere kontsultatu ahal izango ditu. Doan eskuratu daiteke Hitzaren aplikazioa doan eskuratu daiteke gaurtik aurrera, horretarako bereziki prestatu den appostua.eus webgunearen bidez. Aplikazioa Android eta IOS sistema eragileetarako egokituta dago, eta mugikorretako aplikazioen plataforma nagusietan (Google Play eta APP Store) ere eskuratu ahal izango da. Bi kasuetan ere, Hitzaren APPa doakoa da.













