Idiazabalgo ekitaldien berri emateko webgunea aurkeztu du udalak
Datozen asteetan hasiko dira herriko kultur elkarteak ‘www.izaldarrok.eus’ orria elikatzen .Eragileen arteko elkarlana bultzatzea eta herritarrengana errazago iristea dira helburuak
Idiazabalgo Udala herriko kultur taldeetako ordezkariekin bildu zen asteartean. Bi helburu izan zituen bilerak: kultur taldeek udalarekin duten harremana sendotzea, eta, aldi berean, eragile ezberdinen arteko elkarlana bultzatzea. Bide horretan, izaldarrok.eus webgunea aurkeztu zuen Beatriz Mena kultur teknikariak.
IZT enpresak diseinatu du webgunea, baina oraindik ez dago martxan. Izan ere, edukiak falta ditu, eta Idiazabalgo kultur taldeak izango dira, hain zuzen, webgunea albistez elikatuko dutenak. Nahi duten taldeek baino ez dute proiektuan parte hartuko, ekitaldiak antolatzen dituztenean webgunean sarrera txiki bat argitaratuz. «Nahikoa da izenburua, testu labur bat eta argazki bat jartzea; oso erraza da», adierazi zuen Menak bileran. Gainera, datozen asteetan, interesa dutenek ikastaro bat egingo dute webgunea erabiltzen ikasteko.
Webgunean argitaratzen diren ekitaldi guztiekin agenda bat osatuko da. Egutegi bat agertuko da orriaren eskuinaldean, eta ekitaldiren bat dagoen egunak markatuta egongo dira. Menaren hitzetan, tresna garrantzitsua da herritarrengana iristeko. Gainera, elkarteen arteko koordinazioa ere erraztuko du agendak. «Esaterako, kultur taldeek agendaren bidez ikusi ahalko dute zein asteburu dauden libre zerbait antolatzeko».
Bestalde, herritarrek doako harpidetza egiteko aukera izango dute. Hala, harpidedunei boletin bat bidaliko zaie astero posta elektronikoz, hurrengo egunetarako antolatutako ekitaldien berri emanez.
Erreserbak internetez
Webgunearekin batera, IZT enpresak herriko instalakuntzen erreserba egiteko aplikazioa ere garatu du. Idiazabalgo Udaleko webgunetik edota webgune berritik sar daiteke aplikazio horretara. Egutegi baten bidez, areto bakoitza zein egunetan eta ordutan dagoen libre kontsulta daiteke. Eta behin ordu libreak ikusita, bakoitzak bere erreserba eskaera egin dezake. Erreserbatu nahi den instalakuntza, eguna, ordu tartea eta arrazoia zehaztu beharko dira eskaeran. Gero, eskaera onartzen bada, posta elektronikoz jakinaraziko dute.
Hemendik aurrera erreserbak egiteko modu bakarra izango da. Hau da, ezingo dira erreserba eskaerak orain arte bezala idatziz egin. Dena den, materiala eskatzeko prozesua idatziz egingo da oraindik.













