Igartubeitiko dolarea martxan
Hilaren 5ean hasi eta hamar egunez, ekitaldi sorta egin dute Igartubeiti baserriko Sagardoaren Astearen barruan. Egunero egin dituzte sagar zanpaketak, baserriaren oinarri den dolarean. Yartu kultur elkarteak zanpaketak egiteari utzi eta gero, lan horretarako lau langile hartu izana da aurtengo berrikuntza nagusietako bat. Zanpaketetatik ateratako muztioa probatzeko aukera ere izan dute bisitariek. Karmakros antzerki taldekoek, XVI. mendeko Kortaberria familiaren antzezpenak ere egin dituzte egun horietan. Zanpaketez gain, Arizkungo (Nafarroa) Jo eta Jo taldekoen kirikoketa saioa, Sagar tentagarriak tailer gastronomiko-sentsorial, edota sagar dultze dastaketa izan dira aurtengo Sagardoaren Asteko ekitaldietako batzuk.













