Termometroa Ordizian, gaur.
Denetariko tenperaturak erakusten dituzte kaleko termometroek. Batzuk 36, bestek 37, eta eguzkitan zeudenek baita 43 ere. Baina Euskalmet metereologia agentziak emandako datuen arabera, gaur 37,3 graduko maxima hartu dute Goierriko neurgailuek. Hain zuzen ere, Ordiziako metereologia gunean hartutakoa da datua, 15:40 aldera. Handik aurrera, apur bat behera egin hasi da.
Bero sapa zegoen iragarrita gaurko, eta asmatu egin due meteorologoek. Okerrena ordea, biharko espero da, gaurko tenperaturak gainditu baititzake. Bero handia eta giro sargoria iragarri dute, 39-40 gradura arteko tenperaturekin. Arratsaldean haizea aldatu eta ipar-mendebalaren eraginez, baliteke graduren bat edo beste freskatzea, baina aldaketa handirik gabe.
Asteazkenean etorriko da aldaketa. Ipar-mendebaldeko haizeari esker tenperaturak jaitsi egingo dira, nahiz eta barrualdean, 30 gradutik gora ere egin dezakeen. Hodeiak ere agertuko dira, eta baliteke han-hemenka zaparradaren bat edo beste botatzea ere.