Izan Kantuz, 26 orduz euskaraz kantuan aritzeko erronka
‘Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko’ lema ezaguna oinarri hartuta, erronka berezia antolatu dute Zaldibian azaroaren 10 eta 11rako. Izan Kantuz izeneko egitasmoa jarriko dute martxan, eta helburua, “26 orduko hari etengabe bat” osatzea da, txandaka eta ahotsez ahots, euskarazko kantak bata bestearen atzetik uztartuz. Herri osoari luzatu diote bertan parte hartzeko deia, eta “munduan orain arte ikusi ez den bezalako herri-erronka” izango dela gogorarazi dute.
San Joan bezperako Alamartxo gauarekin batera aurkeztu zuten egitasmoa Zaldibian, suaren bueltan bildutako herritarren aurrean. Sua piztu dute, orain herritarren artean garra pizten ote den ikusi behar.













