Munduko gizon altuenetako bat Urretxura etorri da bizitzera
Saad Kaiche du izena, 2,30 metro neurtzen du eta aljeriarra da. Lugoko saskibaloi taldean jokatu zuen eta ondoren Bartzelonan bizi izan zen. Aundiya pelikulan protagonistaren rola jokatu du. Pelikula grabatzera
Saad Kaiche du izena, 2,30 metro neurtzen du eta aljeriarra da. Lugoko saskibaloi taldean jokatu zuen eta ondoren Bartzelonan bizi izan zen. Aundiya pelikulan protagonistaren rola jokatu du. Pelikula grabatzera etorri zen arte ez zuen Euskal Herria ezagutzen. Itsason grabatuu zuten eszenan Pablo Gomez urretxuarra ezagutu zuen eta lagun onak egin dira. “Aita” deitzen dio. Oraingoz bere etxean bizi da eta lana bilatzen ari da, behin-betiko Urretxun gelditu ahal izateko.
Gomezek eta bere emazteak baserri bat dute Itsasoko elizaren atzealdean eta pelikulakoek parte hartzera gonbidatu zituzten. Hala, Kaiche ezagutu zuen. “Bisitan etorriko zela esan zuen eta hala egin du. Oso gustura sentitzen da Urretxun: lana bilatzen ari da eta Goierri saskibaloi taldekoekin entrenatzen ari da. Goierrikoek beraiekin jokatzea nahi dute, noski. Oso umila eta edukazio onekoa da”, esan du Gomezek.
Berarengana gerturatzen diren guztiekin abegitsu ageri da. Batez ere, haurrekin. “Haurrek gogoko naute. Denak gerturatzen zaizkit eta batzuk dagoeneko nire izena ezagutzen dute. Denei ondo elikatzeko esaten diet, barazkiak eta arraina jateko. Haur bat triste edo haserre badago, bere gurasoei berarekin jolateko baimena eskatzen diet eta berehala barrez hasten da”, azaldu du Kaichek.
Urretxu eta Zumarragan Bartzelonan baino gusturago sentitzen da. “Pablo eta bere emaztea oso ondo ari dira portatzen eta Billel izeneko lagun aljeriar bat herria erakusten ari zait. Paisaia oso polita da eta jendea oso jatorra da. Lana aurkitu nahi dut hemen gelditu eta Goierrin jokatu ahal izateko. Zaintzaile, margolari, garbitzaile eta lorazain bezala esperientzia dut”.