Oporretako argazkiek badute saria
Udako 13. Argazki Lehiaketa antolatu dute GOIERRIKO HITZAK eta Fotoetxek. Irailaren 30era arte bidal daitezke argazkiak. Lehiaketa irekia da, goierritar guztientzako
Bukatu dira abuztuko oporrak. Baina ikasturte hasierari gogoz ekiteko, ez dago udako argazkiak ikustea bezalakorik. Oporretan etxe aldetik nahiz atzerrian ibili, ateratako argazkiek saria izan dezakete. Izan ere, GOIERRIKO HITZAk eta Fotoetxek Udako 13. Argazki Lehiaketa antolatu dute. Iaz hasitako bidetik, lehiaketa irekia izango da, eta goierritar guztiek parte hartu ahal izango dute, harpidedun izan edo ez. Harpidedunek, ordea, sari bereziak jasotzeko aukera izango dute. Gaurtik hasita, irailaren 30era arteko epea dago argazkiak bidali eta lehiaketan parte hartzeko.
Guztira hamar sari banatuko dira parte hartzaileen artean; horietatik sei, irakurleek webguneko bozen bidez aukeratutakoak izango dira. Epaimahaia Fotoetxe argazki dendako Jose Mari Telleriak eta Lake Oiarbidek eta GOIERRIKO HITZAren lan taldeak osatuko dute.
Lehiakide bakoitzak gehienez bi argazki bidali ahal izango ditu. Argazkiaz gain, norbere datuak eta argazkien azalpena bidali behar dira goierri@hitza.eus helbidera. Jasotako argazkiak webgunean ikusgai izango dira irailean.
LEHIAKETAKO OINARRIAK
· Lehiaketa: Goierriko Hitzak eta Fotoetxek antolatutako Udako 13. Argazki Lehiaketa. · Epeak: Gaurtik irailaren 30era bitartean bidal daitezke argazkiak goierri@hitza.eus helbidera, datu guztiak jarrita: izen-abizenak, telefonoa, helbidea, herria eta harpidedun kodea (harpidedunen kasuan). · Parte-hartzea: Irekia izango da parte hartu nahi duten guztientzat. Harpideek, ordea, sari berezietarako aukera izango dute.SARIAK
· Argazkirik onena. Fotoetxe dendak eskainita, 60×100 argazki handitua Kappa euskarrian. · Argazkirik originalena. Fotoetxek eskainita, 50x80ko argazki handitua Oihal euskarrian. · Harpideen 1. Saria. Metrokua hotelaren saria, bi lagunentzako egun bateko egonaldia Lekeition (Bizkaia). · Harpideen 2. Saria. Ezkioko Argindegi jatetxeak eskainita, bi lagunentzako menu berezia. · Bozketa. Internet bidez boto gehien jasotzen dituztenentzat 6 argazki handitze (20×30), Fo- toetxek eskainita.













