Suediako telebistak 1963an Zumarragan grabatutako dokumentala
Suediako telebistako Daniel Grenholm eta Lennart Olson Euskal Herrira etorri ziren 1963an, gure herriari buruzko bi dokumental egitera: Basker eta Bonde i Baskerland. Luxuzko gidariak izan zituzten. Tartean, Jose Maria Busca
Suediako telebistako Daniel Grenholm eta Lennart Olson Euskal Herrira etorri ziren 1963an, gure herriari buruzko bi dokumental egitera:?Basker eta Bonde i Baskerland. Luxuzko gidariak izan zituzten. Tartean, Jose Maria Busca Isusi. Hala, Zumarragan ere irudiak hartu zituzten. Argibel Euba Ugarte antropologoak dokumentalak topatu ditu eta, bisita hari buruzko liburuarekin batera, argitaratu egin ditu.
Zumarragako irudiak Elizkaleko Eusebio tabernan eta Berasategi anaiek Eitza auzoan zuten forjan grabatu zituzten. Zumarragako Trikitixakoek festa bat antolatu zuten tabernan, suediarrentzat. Eusebio tabernan hartutako irudiak lehen dokumentalean ageri dira. Basker du izenburua eta 24 minutuko iraupena du. Folkloreari buruz da eta, hala, Ituren eta Zubietako inauteriak, txistularia, dantzaria, txalapartariak, idi-probak, bertsolariak, harri-jasotzailea, pilotariak eta ahari-jokoa ageri dira, besteak beste. Bigarren dokumentala baserrietako bizimoduari buruzkoa da eta 17 minutuko iraupena du. Bertan Berasategi anaiak azaltzen dira, lanean.
Eusebio tabernako irudiak txalapartarienaren ondoren ageri dira. Kontrastea handia da, baserri mundutik kalera salto egiten baita. Eusebio taberna Zumarragako Trikitixaren ohiko topalekua zen. Talde hau oso estimatua izan da beti, festak alaitzeko duen trebeziagatik. 1963an lau anaiek osatzen zuten:?Joxe, Seberen, Inazio eta Migel Urteagak.
Dokumentalean, taberna beteta ageri da. Plano orokor baten ondoren, zumarragar ezagunak ageri dira: San Pedro danbor jotzailea eta Inazio Urteaga, besteak beste. Ondoren, Joxe eta Seberenek trikitixa jotzeari ekiten diote. Ederregia zera zu fandangoa jotzen dute. Suediarrek trebetasun handiz jaso zuten tabernako giroa: zarata, ardoak, zerbitzarien lana, emakumeen presentzia eskasa, solasaldiak, begiradak…
Eubak bere liburuan dioen moduan, zerbait gertatu behar dela dirudi, eta hala da:?halako batean, Migel Urteaga eta Rosario Arrizabalaga jende artetik ateratzen dira eta fandango bat dantzatzen dute. Bizitasun handiz, gainera. Zumarragako azken irudiak Jose, Bizente eta Fidel Berasategi zumarragarrek Eitzan zuten tailerrekoak dira. Aizkora bat egiten ageri dira. Euskal Herriak suediarrak txunditu zituen eta suediarren lanak XXI. mendeko euskaldunak txunditu ditu. Hori da hori altxorra topatu duena Argibel Euba antropologo bizkaitarrak! Liburua eta DVDa EHUk argitaratu ditu eta liburu-dendetan salgai daude.