Telefonorako aplikazio berria sortu du Fashion Ole moda plataformak
Internet sarean lekua hartzen ari da pixkanaka Beasainen sortutako Fashion Ole moda plataforma. Merkataritza txikia sustatzeko helburuarekin sortua da eta webguneaz gain, telefono mugikorrerako aplikazio berria ere sortu dute dagoeneko. Lau hizkuntzata...
Internet sarean lekua hartzen ari da pixkanaka Beasainen sortutako Fashion Ole moda plataforma. Merkataritza txikia sustatzeko helburuarekin sortua da eta webguneaz gain, telefono mugikorrerako aplikazio berria ere sortu dute dagoeneko. Lau hizkuntzatan dago erabilgarri: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Aplikazio berriak denda bakoitza mapan kokatzen du. «Gaur egun Interneten presentzia izatea behar-beharrezkoa da eta merkatariei pauso hori ematen lagunduko diegu», dio Fashion Oleko Aitor Martinezek. Horretarako, ikusgarritasuna irabazteaz gain, denda fisikoetan erosketak egitea bultzatu eta bezeroekin hartu-eman zuzena izateko aukera eskaintzen du Fashion Olek.
Hartu-eman horretan, lau urrats jarraitu behar dira Martinezen esanetan; «Bezeroak dendan arroparen bat erosten du; bezeroak looka sare sozialetara igotzen du, dendari erreferentzia eginez; azkenik, argazkia dendaren perfilean azalduko da». Ahalik eta erabiltzaile gehienengana iritsi nahi dute, bai dendena eta bai bezeroena.
Jazpanarekin elkarlanean
Helburu horren harira, Jazpanarekin elkarlanean ari da Fashion Ole, Look Jazpanero moda lehiaketarekin. Dagoeneko Goierriko hamahiru moda dendek bat egin dute egitasmoarekin.
Urrian zehar, Jazpanaren laguntzaile diren hamahiru dendetan erositako jantziren baten argazkiak igo beharko dira sarera, dendaren izena etiketatua.
Beste aukera bat ere izango da, Jazpana Fest jaialdian, hilaren 29an, 24:00ak bitartean: Jazpanako karparen sarreran jarriko duten photocallean argazkia atera eta aplikaziora igotzea.
Atsegin gehienak dituenak irabaziko du. Lehiaketan parte hartu duten dendetan gastatzeko baleak jasoko dituzte irabazleek. Martinezen ustez, «Goierriko dendak gazte jendeari gerturatzeko aukera ona da» lehiaketa, eta «denda bakoitzak estilismoetan lagundu dezake».













