Txinatarrek ere Irimon eman zioten ongi etorria urteari
Herri askotan mendi irteerak antolatzen dira urteari agur esateko edo berriari ongi etorria emateko. Urretxun Irimora igotzen dira Urte Berri egunean. Ehunka herritar igotzen dira urtero. Aurten, herriko txinatarrak ere
Herri askotan mendi irteerak antolatzen dira urteari agur esateko edo berriari ongi etorria emateko. Urretxun Irimora igotzen dira Urte Berri egunean. Ehunka herritar igotzen dira urtero. Aurten, herriko txinatarrak ere igo dira.
Irimora igo zenetako bat Yang Xian Jun da. Duela 30 urte atera zen Txinatik eta Madrilen eta Bartzelonan bizi ondoren, 1993an Palacio Oriental txinatar jatetxea ireki zuen Urretxun. Herrian oso ezaguna da eta denek Juan deitzen diote.
Bertako bizimodua oso gustuko du eta aspaldi erabaki zuen bizitza osoa hemen emango zuela. Dagoeneko ohitura asko ezagutzen ditu, baina Urte Berri egunean Irimora igo gabea zen. «Abenduaren 31n, hurrengo egunean eguraldi ona egiten bazuen Irimora igoko ginela aipatu genuen. Emazteak eta biok Irimo mendia ezagutzen genuen, baina lehen aldiz igo gara Urte Berri egunean».
Gainontzeko urretxuarrak eta zumarragarrak asko poztu ziren txinatarrak Irimora bidean ikusi zituztenean. «Herriko jendea asko poztu zen. Bidean eta gailurrean lagun eta bezero asko ikusi genituen eta denek agurtu gintuzten. Asko poztu ginen. Gainera, salda eta txorizoa primerakoak ziren, oso eguraldi ona egin zuen… Oso oroitzapen polita dugu».
Txinan ere mendizaletasun handia dagoela dio. «Nire herrialdean ere mendi asko daude. Zonalde menditsuetan zaletasun handia dago. Gure herrialdeko esaera batek zera dio: zenbat eta gorago igo, orduan eta urrutiago ikusten da. Nik neuk, noizean behin mendira joateko ohitura dut. Belokin eta Izazpin ere egon naiz. Beste behin, Urbiara joan nintzen. Toki zoragarria da».
Ikusten denez, Urretxuko txinatarrak oso ondo integratuta daude. Mendira joateaz gain, Urte Zahar eta Urte Berri egunak ospatu zituzten, nahiz eta beraien egutegia eta gurea ezberdinak diren. «Urte Zahar eguna anaiaren jatetxean ospatu genuen (lehen berea zena)».
Txinan otsailaren 16an ospatuko dute Urte Berri eguna. Han ere senitartekoekin elkartzea atsegin dute. «Txinan ere afariak eta bazkariak egiten ditugu. Kanpoan bizi direnak gurasoen etxera itzultzen saiatzen dira. Gu geu Txinara joango gara otsailean Urte Berri eguna ospatzera», amaitu du.