Udazkeneko fruitua, gaztaina
Aurtengo udazkenean bi gaztaina saltzaile gerturatu dira Beasainera gaztaina erreak saltzera. Gernika pasealekuko pilotaleku ondoan egoten da bat; bestea, Bideluze plazako txabolatxoan.
Arimen Egunaren inguruan gaztaina erreak lagunartean jateko ohitura zabaldua da oso. Euskal Herrian Gaztainerre eguna ospatzen da herri batzuetan. Ospakizunak balio sinboliko berezia du, antzina gaztaina neguko oinarrizko elikagaia zelako.
Goierriko herrietan ere, badago oraindik gaztaina janak egiteko ohitura; Ordizian, Itsasondon, Beasainen edo Legorretan, esaterako, datozen egun eta asteetan egingo dituzte gaztaina janak. Olaberrian, 225 kilo gaztaina erre zituzten atzo danbolinean, eta bertara inguratu ziren guztiek jan ahal izan zituzten, sagardoarekin lagunduta.
Gaztaina saltzaileak
Urtetan, neguko dietaren osagai garrantzitsua izan dira gaztainak. Danbolinean erreta prestatu ohi dira egun, eta etxean ez ezik, zizka-mizka moduan ere jaten dira kalean, gaztaina saltzaileei erosita. Beasainen, bi gaztaina saltzaile jartzen dira arratsaldero; bata, Gernika pasealekuko pilotalekuaren ondoan, eta bestea, Bideluze plazan.
Francis Arregi Mujika da gaztaina saltzaile horietako bat. 20 urte daramatza ofizioan eta Altsasutik etortzen da egunero. Han egon izan da orain arte gaztainak saltzen, baina krisiak gogor jo du eta Goierrira etortzea pentsatu zuen. Beasainen «oso gustura» dagoela dio. Hasiera batean, postua tren geltokiaren parean jartzen hasi zen, baina orain Gernika pasealekura etortzen da, leku aproposagoa delako. Tren geltokian jendea «presaka» joaten dela dio Arregik. Prezioari dagokionez, dozena luzea, (15 bat gaztaina) bi euro eta erdian saltzen ditu.













