Uriarren 20an estreinatuko dute 'Handia' filma
Altzoko Handiaren historia zinemara eramango dute Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariek. Egunotan jakinarazi dute urriaren 20an izango dela estreinaldia, eta Euskal Herriko zine komertzialez gain, grabaketak egin dituzten hainbat herritan ere aurkeztuko dute. Aldaketa nabarmen bat ere izan du proiektuak, izan ere, haseran jarri zioten Aundiya izena aldatu eta Handia erabiliko dute hemendik aurrera, izenaren inguruan sortu den polemika dela eta.
Garaiko hainbat agiritan Aundiya izenarekin iragartzen zuten Altzoko erraldoia, eta horregatik izen horri heldu zioten proiektua martxan jartzerakoan. Altzotarrak kexu agertu ziren ordea, hori kostaldeko ahoskera zela esanez, eta ez Altzokoa. Azkenean, proiektuaren arduradunek batuaren aldeko apustua egin eta Handia izena erabiliko dute hemendik aurrera.
Altzoko erraldoia
Filmak Migel Joakin Eleizegiren bizitza izango du oinarri. Altzoko Handia edo erraldoia ere esaten zioten. 1818an jaio zen Eleizegi, eta gaitz batek jota, etengabe hazten hasi zen, 2,42 metroko altuera izateraino. Europako gizonik garaiena omen zen, eta herriz herri ibili zen anaiarekin batera, erakustaldiak egiten.
Moriarti etxeak ekoitziko du filma, Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendarien gidaritzapean. Iaztik, Euskal Herriko hainbat herritan aritu dira grabaketak egiten; Goierrin ere izan dira, Ezkion eta Zerainen.














