Zegamako zine zaharra eraisten
Bota ezean, eraikina bera etorriko zen goitik behera. Zinema, eskola, jubilatuen egoitza, musika eskola, gaztetxea… hamaika egitasmo eta hamaika istorioren lekuko izan da Zegamako zine zaharra; baina bere hormek nahikoa eman dute, nekatu da.
50eko hamarkadan eraiki zuten zinema; orduko puntuako teknologiarekin, ehunka lagun hartzeko moduko areto handiarekin. Herriko hainbat familiek jarri zuten hura finantzatzeko dirua eta udalarekin batera Zegamako Kultur Elkartea osatu zuten. Eraikina egiteko lurra ere familia baten dohaintza izan zen, kultur egitasmoetarako erabiltzeko baldintzapean. Nahikoa buruko min emango zuen gerora baldintza horrek, zinemaren gainbehera berehala iritsi eta eraikina beste hainbat egitasmoetara bideratu zelako.
Zine zaharraren hormek asko eman bai, baino jaso gutxi dute. Hamarkadak pasa ahala, ez dira eskatzen zituen mantentze lanak egin eta galtzen utzi da. Aspalditik zegoen Zegamako Udalean hura botatzeko nahia. Joan zen ostiralean ikuskatu eta ingurua prestatu ondoren, gaur goizean hasi dituzte huste lanak. Aste honetan zehar amaituko dituzte eraisteko lanak.
















