
Irudi ikusgarria eta bitxia izan zen atzo iluntzean (asteazkena), Gabirian. Zikoinen bisitak ohikoak dira azken urte mordoxka batean, bai udaberrian iparralderako migrazioan, bai udazkenean hegorantz erretiratzen direnean. Baina atzo 26 hegaztiko multzoa iritsi zen, batera. Gurutz-Bakar barreneko goi tentsioko argindar lineen zutabeetan pausatu ziren, 23 bat. Beste hiru, elizako teilatuan. Han pasatu dute gaua. Herritarren artean jakinmina piztu zuen bisitak, eta askok atera zituzten argazkiak. Hemen Hitzan jaso ditugun batzuk (Argazkilariak: Amaia Larrañaga, Gorka Maiz, Oier Oiarbide eta Jon Maiz).