
Aurten, Urretxu- Zumarragako ikastola sortu zeneko 50. urtea ospatzen ari gara. Bai, urte zail haietan 1965 ean eman zitzaion hasiera euskaraz irakatsiko zen lehen kurtsoari. Bidean aurkitutako trabei erantzunez, poliki- poliki guraso, irakasle eta herriko hainbat erakunderen laguntzaz, ekintza desberdinak jarri ziren martxan: antzerkia, dantza, kantua, kirola… baita mendi irteerak ere. Azken hau da bereziki gogora ekarri nahi duguna.
Hasiera batean ?Goierri taldearen? eskutik, inguruko mendiak igotzen genituen: Irimo, Izazpi, Beloki, Trekutz,… Legazpi, Ezkio zein Gabiria inguruak ere ezagutu genituen. Ondoren, guraso batzuk arduratu ziren mendi irteera horien antolaketaz eta beste hainbat mendi igo genituen. Nork ez ditu garai haiek gogoan?
Guraso edota ikasle izan ginenok baditugu oroitzapen ugari: igande goizetan iratzargailua entzuterakoan, hamarretakoa edo bazkaria prestatu, kantinplora urez bete, xira eta aterkia badaezpada ere hartu, guztia motxilan sartu eta mendira! Aldapa beherako ipurdikoak, orbel arteko jolasak, bat-bateko euriteak, Mari Karmen-en goxokiak, ?“asko falta da?”
Oroitzapenak, anekdotak, esperientziak… Guzti hori gogoratuz, datorren maiatzaren 7rako, Urretxu-Zumarraga ikastolako 50.urteurrenaren ospakizunen barruan mendi irteera berezi bat antolatzen ari gara, Irimora eta Belokira hain zuzen ere, eta bertan parte-hartzera animatzen zaituztegu.
Irteera Areizaka-Kalebarren plazan izango da goizeko 9:00etan. Bi aukera izango dira: bata, Belokira (nahi duenak Izazpira) eta bestea Irimora (nahi duenak Trekutzera). Eguerdiko 12:00etan, Santa Barbaran edo Antion elkartzeko aukera izango dugu, bertan elkartuko baikara txistulari eta trikitien soinuaz herrira jaisteko. 12:30ean, bi ibilbidetako partaideak Isabel (geltoki) inguruko bide gorrian elkartuko gara Areizaga-Kalebarren aldera abiatzeko. Han mokadutxo bat hartuz, lagun artean egongo gara. Beraz, sasoiaren arabera, tontorretan ez bada ere, Santa Barbaran, Antion edota Bidegorrian elkar zaitezkete gurekin.
Aitona-amona, aita-ama, gazte… Anima zaitezte eta eman izena ?www.uzikastola.eus? webgunean edo 943 72 00 26 telefonora deituz.
Ai, mendi irteera haiek….
– Ikastolaren mendi irteeraren antolatzaileak (Urretxu)