Zu eta ni bezain zaharrak dira migrazio-mugimenduak. Gizakia gizaki denetik, eta segur aski baita askoz lehenagotik ere, leku batetik bestera migratu beste erremediorik ez dugu izan. Iparraldetik hegoaldera, hegoaldetik ekialdera, ekialdetik mendebaldera, mendebaldetik iparraldera. Milurtez milurte eta mendez mende, askotarikoak izan dira horretarako arrazoiak, gure historian zehar sobera aldatu ez direnak: jatekoa lortu beharra, lan-baldintza duinagoak, gerra, hondamendi naturalak…
Gogoan izan XIX. mendean Ameriketara joan ziren euskaldunak, Joxe Maria Iparragirre bera barne. Gogoan izan garai hartako gatazka eta karlistadak, XX. mendeko gerra zibila. Zenbat lagunek ez ote zuten orduan, etorkizuna nolabait bermatu nahian, gure eskualdea utzi behar izan? Gogoan izan industrializazioaren eraginez 1950 eta 1960ko hamarkadetan gurera etorri ziren guztiak. Baliteke zu zeu horietako bat izatea, edota senideren bat edukitzea horien artean. Gogoan izan egungo krisia eta begien bistako ondorioak.
2014ko maiatzean, Urretxuko populazioaren %40,9 Urretxun bertan jaiotakoa da. Euskal Herriko beste herri batzuetatik urretxuarren %37,1 iritsi da, Europako beste estatu-nazio batzuetatik %17,1; Amerikatik %2,4; Afrikatik %1,7 eta Asiatik %0,8. Alegia, herri anitz batean bizi gara, mundu osoko lagunok osatzen dugun herri anitz batean. Bertan bizi gara, bertan hezten ditugu gure seme-alabak, bertan lan egiten dugu, bertan pozten eta haserretzen gara.
Horregatik guztiagatik, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko kideok aldarrikatzen dugu gure herria denon artean eraiki nahi dugula, eraiki behar dugula, gizarte inklusiboaren alde aritzea denon ardura dela eta den-denok garela hori lortzeko partaide aktibo, jatorriari eta azalaren koloreari erreparatu gabe. Harresi zaharrak bota eta haien lekuan zubi berriak sortzeko ordua iritsi delako. Elkarrekin bizi garelako, herri bat garelako eta guztioi eskubide eta betebehar berberak dagozkigulako. Kultura aniztasuna aberasgarria delako eta elkarrengandik ikas dezakegulako. Gure herriaz harro gaudelako. Esan diezaiogun BAI aniztasunari.
Mikel Babiano Lopez de Sabando.
Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren izenean.