Aurrekontuak eta Buztuntza auzoa
Adur Ezenarro EH Bilduren alkategaiak, Ordizia "Gipuzkoa osoan aurrekontua onartu ez duen herri bakarra" gogorarazi du. Buztuntzako auzoko proiektuan ere, kritika egin dio udal gobernu taldeari.
Gipuzkoa osoan 2019ko aurrekontua onartu ez duen herri bakarra izango gara ziurrenik. Bitartean, alkatea, hauteskundeen atarian, Buztuntza auzoko eraberritze prozesuarekin kanpaina egiten ari zaigu. Baliteke, batek baino gehiagok pentsatzea zer ari ote naizen bi gai hauek nahaspilatzen, baina eskutik doaz.
Buztuntza auzoa bere osotasunean eraberritzeko urbanizazio proiektua egiteko ideia eta proposamena 2018ko aurrekontuei, iaz, guk geuk egin genien emendakinari esker burutuko delako. Gurea izan zen ideia, guk bideratu genuen dirua horretarako, eta guk proposatu genuen bizilagunekin parte-hartze prozesu bat burutzea, auzoaren etorkizuna bertan bizi direnekin adosteko. Udal gobernu honen proposamena partxeo bat egitea baino ez zen.
Tamalez, auzoak eta halako prozesu batek beharko lituzkeen epeen aurrean, zenbaiten kalkulu elektoralistak gailendu dira, batzuentzat benetan garrantzitsua zer den agerian utziz. Duela lau urte ere, hauteskundeetarako programan auzoa eraberritzeko proposamenak sartu zituztenei, antza, lau urteotan ez omen die astirik eman.
Eta 2019ko aurrekontuekin horixe da arazoa, alkateak ez dituela gaurdaino plenora eraman, eta gaur gaurkoz, luzatu edo prorrogatutako aurrekontuak ditugula bere arduragabekeriagatik. Horren aurrean, ez argudiatu oposizioaren proposamenen zain zaudetela, mesedez. Alkateari behin eta berriro esan diogulako, gure emendakinak aurrekontuak onartzen diren plenoan aurkeztuko ditugula.
Arrazoia sinplea da. Prentsaz jakin genuen Buztuntzako prozesuaren berri, eta prentsaz izan dugu deialdiaren berri. Hori, hainbeste kritika jaso zituen gure emendakineko proposamena izanik. Gure helburua ordiziarren bizitza hobetzea da, eta ondo ari gara, gure proposamenek aurrera jarraitzen dutela ikusita. Baina ez gaude prest alkateari gure ideiak lapurtzen uzteko, ondoren bereak balira bezala saltzeko. Iturria edo jatorria adierazten ez den kasuetan kopiatzeari plagioa deitzen zaiolako, eta itsusia da, oso.
Esan beharrik ez dago, guk ere, beti bezala, parte hartuko dugula auzoa eraberritzeko parte-hartze prozesuan, eta gure mapeo kolektiboan jaso genituen ekarpenak auzoaren zerbitzura jarriko ditugula. Nola ez dugu egingo, guk proposatu bagenuen!
Bide batez, Buztuntza da auzoaren toponimo zuzena euskaraz, eta ez Bustuntza, nahiz eta bustitzeko hitz joko polit hori oso ederra izan.