Eizu gaztelekuaren beharra
– Leire Mendiaraz eta Mikel Azurmendi (Aisi Hezi elkartea) –

Beasaingo udalak Eizu gaztelekua, 12- 17 urte bitarteko udal zerbitzua ixtea erabaki du. 2010etik hona Aisihezi elkartea izan da zerbitzu hau kudeatu duen elkartea. Urte hauetan landu eta lortu ditugun zenbait ildo azaldu nahi ditugu:
Euskararen erabilera sustatzeko gunea izan da gaztelekua. Aisi denboran euskaraz egitea lortu dugu. Euskaldun kuadrillak ez hain euskaldunekin elkartu nahi izan ditugu, euskaraz aritzeko asmoz.
Ein eizu asanbladak jarri ditugu martxan; nerabeek beraien iritzia botatzeko espazioa izan dezaten, gizarteko partaide gisa beraien betebeharrak eta eskubideak dituztela sinistarazteko gunea. Erreferente heldu bat bidelagun dutena.
Sukaldea ere jarri zen nerabeekin sukaldaritza landu ahal izateko eta bizi osasungarriaren lanketa gauzatuz. Beraien espazioa dela sentiarazteko, elkarrizketetarako eta beraien arteko harremanak bultzatzeko asmoz sofen txokoa proposatu zen. Inplizituki bada ere hezitzaileak maiz bertan topatzen du lanerako gunea.
Kale heziketa programarekin koordinatu gara. Amankomunean ditugun gazteen jarraipena egiteko asmoz, elkarlanean ekintzak antolatzeko, beraiek lan egiten duten zenbait gazte zerbitzu normalizatu batera bideratzeko asmoz.
Osakidetzatik koordinaturiko osasun foroan parte hartu da, nerabe eta gazte komunitaterako lanketa ezberdinak burutuz.
Ikastetxeetako orientatzaile guztiekin bildu izan gara urtero, gaztelekura zetozen gazteen jarraipena egiteko eta ikastetxeen iritzia ezagutu eta elkarren arteko elkarlan sustatzeko.
Informazio gunea jarri dugu martxan. Beraien intereseko informazioa eskura jarriz, Euskarazko informazioa, noski. Teknologi berrien garrantziaz jabetuz, hauetara zabaldu gara eta nerabeekin abantaia eta arriskuez aritu gara.
Kontsumoen inguruan ere izan dira hizketaldi ugari eta beraiekin informazioa bilatu eta konpartitu dugu. Eraginak, arriskuek eta dependentzietaz aritu gara.
Urte hauetan gerturatzen joan diren nerabeentzat bidelagun izan gara eta konfidantza hori berretsi dela ikusten dugu, aurten adibidez DBH 3ko neska- mutilak izan baititugu erabiltzaileen artean.
Asko izan dira bakarka gaztelekura etorri diren nerabeak, askotan ixilpean bada ere laguntza eske. Zenbait nerabeen kasuak ikastetxeekin partekatu ditugu jarraipenak eta bilakaerak baloratuz. Beste asko izan dira ere beraien lehen muxuak kontatu dizkigutenak, maitasunaz, beldurraz eta noski arriskuez hitz egiteko aukera ematen diguna… etxean kontatzera ausartu ez direna zenbaitetan hemen kontatu digute.
Hauetaz eta gehiagotaz luze hitz egin genezake, baino adibide hauekin Eizu zerbitzuaren garrantzia azaldu nahi dugu, hemendik aurrera Beasaingo nerabeek ez dute aukerarik izango aipaturiko hauek eta beste batzuk gauzatzeko espazio edo zerbitzurik izango. Udal gobernuari aipaturikoak kontuan izateko eskaera egiten diogu.
–Leire Mendiaraz eta Mikel Azurmendi (Aisi Hezi elkartea)