Gurea garbi, ikurrina
Azeari Andonegi, Kepa Goenaga, Haizea Mendia, Andoitz Garmendia, Maialen Aldasoro, Arantxa Bengoa eta Urtzi Iruin (Bilduren hautetsiak Lazkaoko Udalean).
Espainiako gobernu ordezkaritzak, tamalez, gure herriaren izaeraren errealitatea ikusi ordez, krispazioa sortzen duen eta gure herriaren gehiengoak sentitzen ez duen ikur bat jartzera derrigortu gaitu. Krispazio horretan murgildu eta gure herriaren etorkizunean lan egin ordez, iraganean eginiko formula berdinak erabili nahi ditu eta ez du onartzen gure herriak ezberdina den izateko era eta etorkizun baten eraikuntzan gaudela.
Lazkaoko Udalean PNVk, ikurrrinaren garapenaren aurrean izan duen jarrerarekin harrituta gaude. Gai honekin, herri gisa erantzun beharrean, etekin politikoa atera nahi izan du, Bilduren aurkako kanpaina berri batean murgilduz.
Bilduk saiakerak egin ditu adostasunak bilatzeko, baina PNV gure arteko bileretan herrian eta komunikabideetan zabaldu duten testuan lerrotu da. Are gehiago, Espainiako banderaren inguruan ez dute inongo baloraziorik egiten. Ez dakigu zein den beraien iritzia honen inguruan. Iraganari begira jarri dira, etorkizunari begira jarri ordez.
Herri honetan bizi garenon aniztasuna onartzeaz eta horretaz jabetzeaz gain, gure ardurei ez diegu muzin egiten eta horregatik herri hau osatzen dugun aniztasun hori udalean txertatu nahi dugu.
Ikurrinak duen zabaltasunarekin ez gaituzue ika-miketan eta iraganeko leporaketetan aurkituko.Guk etorkizuna landu nahi dugu, eta zuek ere etorkizunera begira jartzeko prest zaudetenean, bertan izango gaituzue.
Bestetik, lazkaotar guztiei dei egiten dizuegu, etxeetako balkoietan eta leihoetan ikurrinak ipintzeko eta ostiral honetan arratsaldeko zazpietan burutuko den ikurrinaren omendian parte hartzeko.