Gutuna: Jose Mari Lasa gogoan
Andoni Salamerok idatzia
Gaur, ilunkaran,
garoek oin ertzetan muin emanez,
ahuspez agurtu nautenean.
Gaur, egunaren joanean,
mendi garaien atzean,
eguzki izpi zurbilak
galtzen,
desagertzen
ikusi ditudanean.
Gaur,
adio txiotan, txorien zorionak
lotan
doan
ekia
gurtu duenean.
Gaur,
ageriko guztiak
samurraren bustiak,
ederraren ederrez,
bihotzondoa ziztatu didanean.
Gaur,
esadazu adiskide,
esadazu, lagun maite:
non zaude?
Ez dakit zer idatzi, mutu geratu naiz, ez dakit zer adierazi, ez dut asmatzen ezusteko lazgarri hau errai sakonetatik erauzten, ez dakit. Joan zatzaizkigu, Jose Mari, joan, eta umezurtz geratu gara. Zuk zenerion bizipoz horrek hegoak astindu ditu eta hitzak alarguntzean, hotsak ezin asmatuz, ezin ahoskatuz hatsa itolarritu zaigu. Ez genuen espero, ez, baina espero ez genuenak kabi egin du gure bihotzetan: Heriok, argiaren etsaiak, biziaren arerioak.
Herriarena zinen hori, herriko seme maite, norantz airatu zara? Norantz? Gertu entzun dezakegu zure oihartzuna geure bihotzetan, zure samurtasunaren beroa, zure aritze etengabearen bufada gozoa, eta…zer esan, hitzak, eleak aletzen zaizkigu ahotik, eztarrian korapilo estuan ihesitako hitzak, esan ahala baretzen ez gaituztenak, gogoa gidari dugula, bai, baina ezinean, ezinaren minak arantzatutako hitzak, Jose Mari.
Nik asko esan dezaket zutaz, asko kontatu, baina azalezina den une bakoitza ezin dut lau hitzetan laburbildu, zurekin maitatutako uneak gorde nahi ditut gogoan, gogotu nahi dut, saminez eta ondoez puztutako barru hau, erabat hustuz, horrenbeste hitzek ezin dutena isiltasunak, ikusezina den isiltasun horrek, ehotzen jakin dezan idazki osagabe honen ehuna, agian, isiltasunez eta Maitasunez, Maitasun handiz nik ezin esanezkoak aditzera ematen jakin ditzan. Barkatu, Jose Mari, estua eta larria den egoeran nire gogoa zure gogo biziaren muinetara joanez estutu nahi zaitut, estutu nahi zaitugu, eman zeniguna, ematen diguzuna, luzaroan, egiten ditugun ekintza bakoitzean zure izana han ere hats betiereko izanik atzartu gaitzazun. Jaso zuk eta zure etxekoek herri honek, guztion izenean, bihotzetik bihotzerako besarkada handia. Beti izan zenuen Maitasunak puztu zaitzan bakezko betean.
Zurekin itxiko ditut begiak,
Zuretzat,
Zuk hala eskatuta.
Zuri dizut ene isiltasun eresia eskainiko,
Zure esker onaren otoitzaren oroitza.
Zuregana joango da isilik ene gogoa,
Zuregan den isla oro kantatuz,
Zuregandik,
Zuregatik,
Sortutakoa eta hazitakoa bizituz,
Hasiera eta amaiera zureganatuz,
Zureganaino den Zuan urtuz,
O! Maitasun,
Benetako nire Nia.