Urtarrilaren 15era arte egongo da zabalik Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren erakusketa, Barrenan. Bilerak eta bisita gidatuak egingo dituzte herritarrentzat

Ordiziako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerapen erakusketa inauguratu zuten atzo,arratsaldean, Barrena kultur etxean. Modu horretan eta
Ordizia denon artean lemapean, hasiera eman diote plan berriaren aurrerapen fase honetako herritarren parte hartze prozesuari. Udalaren plan orokorraren proposamena, urtarrilaren 15era arte egongo da Barrenan, herritar guztien eskura. Datozen egunotan, informazio esku-orri bat emango da argitara, bai erakusketari buruzkoa eta baita herritarren parte hartzeari buruzkoa ere.
Plan Orokorra, hirigintza antolatzen duen dokumentua da. Udal gobernuak adierazitakoaren arabera, «duela hainbat urte» heldu zioten «gaur egun indarrean dagoen plangintza orokorra berraztertzeari, aurrera begirako hirigintza premiei eta aurreikuspenei erantzun egoki bat emate aldera». Inaugurazioan Santamaria alkateak adierazi zuenez, «landutako aurrerapenak, Ordiziaren aurrera begirako antolamenduaren irizpideak, helburuak eta proposamenak» jasotzen ditu erakusketak.

Erakusketa honekin, «herritarrei hausnarketa, eztabaida eta proposamenak egiteko prozesuan parte hartzera» dei egin die Santamariak, gerora «Ordiziaren aurrera begirako hirigintza arautuko duten jarraibideak zehazte aldera». Udal gobernuarentzat «oso garrantzitsua da ordiziarrek beren iritzia ematea», modu horretan, «hirigintzaren diseinuan haien ikuspegia txertatzea» ahalbidetuko duela nabarmendu baitute.
Ordiziako udal gobernuko ordezkariek, plan orokorraren aurrerapena idazteko prozesuan egiten ari diren «lan ikaragarria» nabarmendu dute. Horrez gain, «Ordiziarentzako aukera berriak garatzeko prozesu honek duen garrantzia balorean jarri» nahi izan zuen gobernu taldeak. Planak «herri atseginagoa, jasangarriagoa eta irisgarriagoa diseinatzeko aukera» emango duela gehitu zuen Santamariak.
Plan Orokorraren aurrerapena, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara egongo da irekita. Larunbatetan ere irekita egongo da 09:00etatik 13:00etara. Bisita gidatuak ere antolatuko direla jakinarazi du udalak. Horretarako, izena eman beharko da 943 80 56 52 telefonora deituta,
idazkaritza@ordizia.eus e-postara idatzita edota herritarren arreta bulegora joanda.
Informazio lantegiak
Prozesu parte hartzailearen barruan informazio bilerak eta gaikako lantegiak antolatuko dira, herritarrek gaiaren inguruan eztabaidatzeko. Bilera eta lantegiak, planaren edukietan sakontzen eta proposamenak egiten interesa izan dezaketen pertsona guztientzat daude zabalik. Informazio bileretan, planaren aurrerapenaren edukia azalduko da. Datorren hilaren 16an egingo dute lehenengo bilera eta euskaraz izango da. Bigarrena, hilaren 23an egingo dute, gazteleraz. Gaikako lantegiak, berriz, hilaren 29an eta abenduaren 12an eta 19an egingo dituzte. Topaketa guztiak 18:30ean hasiko dira, eta gehienez bi orduko saioak izango dira.
GAIKAKO LANTEGIAK
· Azaroak 19. Lurralde eredua eta hirigintza plangintza. Aukera eta proposamen orokorrak.
· Abenduak 12. Etxebizitza, ekonomia jarduerak, katalogatutako hirigintza ondarea eta hornidurak; ekipamenduak eta libre dauden espazioak.
· Abenduak 19. Mugikortasuna, irisgarritasuna eta azpiegiturak. Natura, landa-eremua eta baldintzatzaile gainjarriak ere landuko dira.