Landarlan elkartearen arabera, Aralar Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeak eragiten du berezitasun hori. Pista proiektuak bertan behera uzteko eskatu du berriroLandarlan ingurumen taldeak Aralarko pisten proiektua gelditzeko eskatu die Enirio-Aralar...

Landarlan ingurumen taldeak Aralarko pisten proiektua gelditzeko eskatu die Enirio-Aralar Mankomunitateari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Eusko Jaurlaritzak Aralar Natur Parkearen babes maila igo eta Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu duela gogorarazi du irailaren 13an argitaratu zuen erabakia EHAO Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean, eta horrenbestez, horrelako pista batek «ingurumen inpaktuko ebaluazio berezia» behar duela nabarmendu du elkarteak. Izan ere, orain arteko natur parkeei dagozkien babes arauez gain, orain Natura 2000 europear sarearenak ere gehitu behar zaizkio.
Landarlanek ohar bidez jakinarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamenduak abuztuaren amaieran onartu zuen «Aralarren bihotzean dagoen Saltarriko pistaren ingurumen inpaktu azterketa», eta adierazi du Gipuzkoako hainbat natur eta ekologista taldek eta beste eragile batzuek egindako «proposamen gehienak» ez dituela kontuan izan, «ezta legezko eskakizunak ere».
Ingurumen elkarteak beste arau urratze bat ere salatu du. «Txabola batzuen konponketa lanak direla eta, kamioia mendian» dabilela ikusi dute, eta mankomunitateak hori «herritarrak informatu gabe eta bere arauak bete gabe» egin duela dio. «Natur parkeko arauen arabera, ezin da lurzorua urratu, eta horrelako kamioiak erabiliz lurra higatzen da».
Lau eskari erakundeei
Saltarrirako eta Goroskintxurainoko pista proiektua «bertan behera uzteko» eskatzearekin batera, Aralarko Natur Parkearen Erabilpen eta Kudeaketa Plana «behingoz» onartzeko eskatu die Landarlanek mankomunitateari eta aldundiari, «ondare natural eta kulturala bermatuko dituen kudeaketa irizpide jasangarriak garatu eta abian jartzeko». Era berean, kudeaketa plan horretan oinarrituta, bide azpiegituren «plan adostua» martxan jartzeko eskatu dute, «beharrak, alternatibak eta soluzio orokorrak aztertuz, Aralarren interesa duten gizarteko eragile guztiekin batera». Enirio-Aralar mankomunitateari «erakunde gardena eta irekia» izan dadila ere eskatu dio, eta dokumentazio osoa webgune baten bidez zabal diezaietela herritarrei.
Irailean onartua
Enirio-Aralar Mankomunitatearen zuzendaritza batzordeak irailaren erdialdean onartu zuen aho batez Aralarren pista berri bat eraikitzea. Bide hori Jentilarri inguruan hasiko da, eta Goroskintxuko txabolara ailegatuko da. Proiektua «ingurumen berme guztiekin» egingo dela adierazia du mankomunitateak.
Mendi ibilaldia antolatu dute hilaren 23rako
Aralar Natura 2000 sareko mendi eremua denez, Landarlanek mendi ibilaldi «interpretatiboa» antolatu du, Aralarrek dituen «balioak eta mehatxuak» azaltzeko. Mendi ibilaldia urriaren 23an izango da. Larraizko Zamao atsedenlekuko langatik abiatuko dira 09:00etan, eta hiru ordu t’erdi inguru iraungo du. Handik Errekontako leporaino eta Ausa-Gazteluko tontorreraino igoko dira. Bidean hainbat adituk azalpenak emango dituzte.