Beasaingo Irakurle Taldeak ostiralean du, Igartzako jauregian, ikasturteko azkeneko saioa; Xabier Mendigurenen 'Alsina' liburua irakurriko dute
Igartza Bekari esker argitaratutako liburuaren harira urtean behineko solasaldia izaten zena, hilerokoa bilakatu zuen Irakurle Taldeak bere jarduna 2014-15 ikasturtean. Ostiralean, 17:30-ean, Igartzako jauregian bukatuko dute laugarren ikasturtea, Xabier Mendiguren beasaindarraren
Alsina liburuarekin, 1936ko uztailaren 27an fusilatutako beasaindarren omenaldiarekin bat eginez.
Irati Goikoetxeak gidatzen du Beasaingo taldea eta «irakurtzea oso gustuko duena, euskaraz irakurtzeko ohiturarik izan ez eta euskaraz irakurtzen hasi nahi izan duena, irakurtzeaz gain liburuan jorratzen diren gaien inguruan mintzatzea gustuko» duenaren topagunea bilakatu da Irakurle Taldea. «Gehienok emakumeak gara, adin tarte oso ezberdinekoak». Ohikotasunez tertulietan, «irakurritako liburua aletzen», 15-20 lagun elkartzen dira. «Liburua irakurtzen dugunak, ordea, 25-30 bat lagun izan ohi gara». Dena den, urtean zehar, gai sozial ezberdinak landuz (emakumeen aurkako indarkeria, migrazioa, memoria historikoa, bizikidetza), herriko eragile ezberdinekin elkarlanean kopuruok bikoiztu eta hirukoiztu izan dira». Goikoetxearen esanetan, «taldea nahiko finkatua egon arren, ederra da tarteka partaide berriak ere inguratzen direla ikustea. Ederra da halaber, aurrez Beasaingo taldean oso modu aktiboan parte hartzen zuten hainbat kidek beren herrian, Ataunen kasu, beren herriko irakurle taldeak osatzea».
Ikasturtean zehar 10 liburu irakurtzen dituzte; udal liburutegian eskuratzen dituzte liburuak, eta urtean bizpahiru alditan, irakurritako liburua idatzi duen idazlea tertuliara gonbidatzen dute. Liburuen aukeraketan «partaideek modu aktiboagoan parte hartzeko ahalegina egiten da, baina ez da erraza. Halere, inoiz bakarren batek egiten du proposamenik». Gai ezberdinak jorratzen dituzten liburuak aukeratzen dituzte, «argitaratu berriak, klasikoak… Eleberria irakurtzen dugu batez ere, baina ipuina, poesia eta saiakera liburuei ere heltzen diegu. Ia denak jatorriz euskaraz idatzitakoak izan arren, inoiz itzulpenen bat ere irakurri izan dugu». Iaz erabaki zuten «ikasturtean behin idazle beasaindar baten liburua aukeratu, irakurri eta idazlearekin berarekin solasean aritzea. Garrantzitsua da herriko sortzaileak balioan jartzea».
Arrakastaren sekretua
Beasaingo Irakurle Taldearen arrakastaz galdetuta, sekretua zein izan daitekeen azaldu du Goikoetxeak: «Sarri-sarri saiatzen gara partaideak goxatzen; etengabe hilean zehar, tertulia saioa iritsi bitarte, mail bidez liburuarekin loturiko kantu, bideo, elkarrizketa, bitxikeria… partekatzen ditugu,dinamizazioaren alderdi garrantzitsua da hori, partaideek asko baloratzen dutena». Bestetik, «askatasunez emozioak, sentimenduak, bizipenak, iritziak, hausnarketak… partekatzeko espazio komun bat izatea asko eskertzen da». Horrezaz gain, «kale-harremanak estutzeko tresna oso eraginkorra da irakurle taldeena».
Lan soziala ere egiten dutela uste du, «elkarte eta herritarrengana hurbilduz, tertuliak aberasteko, jende berriarengana iristeko, herriko harremanak saretzeko…».Liburu eta Disko azokan, Azaroaren 25an, Martxoaren 8an, Trans zikloan, Memoriaren Eguna, 36ko gerran fusilatutakoen omenaldian parte hartzen dute. Baita Goierri mailan ere, Goierriko Irakurle Taldea egiteko ideia Beasaindik atera baitzuten.