«Asko daukat ingurukoei eskertzeko»
Urriaren 4an kantatuko du Amaia Iturriotz urretxuarrak Tolosan (Gipuzkoa), 17:00etan, Usabal kiroldegian.
Amaia Iturriotz Etxaniz bertsolari urretxuarra. Bertsozale elkartea Hiru goierritar ariko dira Euskal Herriko Txapelketa Nagusian, tartean da Amaia Iturriotz (Urretxu, 1993). Urriaren 4an kantatuko du Tolosan (Gipuzkoa), 17:00etan, Usabal kiroldegian. Jone Uria, Julio Soto, Oihana Bartra, Aitor Servier eta Eli pagolarekin osatuko du seikotea.
Euskal Herriko Txapelketa hastera doa. Zer moduz zaude?
Ondo nago, gogotsu Tolosako saioan kantatzeko eta gainerakoak entzuteko.
Nola joan da aurrelanketa?
Uda ez da garai erraza izaten diziplinarako eta lan konstantea egiteko. Opor-garaietan bertsoa beste modu batzuetan lantzen saiatu naiz eta orain irailean martxa hartuta gabiltza dagoeneko.
Zein da zure helburua?
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatzea bera neukan helburutzat Gipuzkoako Txapelketan. Behin barruan egonda, bertsolari moduan hobetzea izaten dut helburu txapelketetan. Horrez gain, fasez pasa nahiko nuke.
Zer eskatzen du Txapelketa Nagusiak?
Aurreneko fasetik bertatik plaza handiak izaten direla eta horrek berak tenple eta lasaitasun zehatz bat eskatzen duela. Saiatuko gara aldarte hori lortzen.
Gipuzkoako Txapelketako azken agurrean esan zenuen «bertsoa bera ere jendez egiten dela»… Beharrezkoa izango da txapelketa honetarako ingurukoen babesa, ezta?
Oso beharrezkoak dira, bai. Txapelketako bertsokideez gain, txapelketan kantatuko ez duten arren bertso eskolan gurekin elkartu eta laguntzen diguten kideak oso beharrezkoak dira. Asko daukat haiei eskertzeko. Bestetik, bertsolarion lagunek eta bikoteek diplomaren bat merezu dute garai hauetan gu aguantatzeagatik, dudarik gabe.













