«Irabazteko askoz gehiago daukat, galtzeko baino»
Irailaren 26an kantatuko du Eneko Araiztegi bertsolari segurarrak Altsasun (Nafarroa), 17:00etan, Burunda pilotalekuan.
Eneko Araiztegi Agirre 'Korta' bertsolari segurarra. Bertsozale elkartea Hiru goierritar ariko dira Euskal Herriko Txapelketa Nagusian, tartean da Eneko Araiztegi (Segura, 1996). Irailaren 26an kantatuko du Altsasun (Nafarroa), 17:00etan, Burunda pilotalekuan. Eñaut Martikorena, Imanol Uria, Iñigo Mantzizidor, Oier Etxeberria eta Txaber Altuberekin osatuko du seikotea.
Euskal Herriko Txapelketa hastera doa. Zer moduz zaude?
Gogotsu nago. Aurreneko aldia dut Euskal Herriko Txapelketa Nagusian. Orain arte ez dut aukerarik izan bertan parte hartzeko, eta oso gustura nago. Bertso aldetik ere, ustez nahiko forma onean nago, eta ikusiko dugu ea nolako eguna ateratzen den.
Nahikoa entrenatu al duzu?
Leku ezberdinetan entrenatzeko aukera izan dut. Beti Gabiria aldean elkartu izan gara, baina aurten Gabirian ez ezik, Hernanin eta Etxarrin trebatzeko aukera ere izan dut. Bertsokide askorekin entrenatzeko aukera ere izan dut, eta orain arteko bidea behintzat, asko disfrutatu dut. Bertsotan gorakada txiki bat izan dudala ere sumatzen dut.
Zeintzuk dira zure helburuak?
Helburua da saio ederra egitea, eta hala lortzen badut, emaitza ere berariaz etorriko da. Bertso bakoitzean ahal da kontzentratuena egotea nahi nuke, eta behintzat, daukadan dena emanda geratzea nahi nuke. Ezer gehiagorik ez.
Zer aurreikusi dezakezu?
Uste dut irabazteko askoz gehiago dudala galtzeko baino, eta presioa ere uste dut beste batzuk askoz gehiago eramango dutela, bertso plaza horietan eta zirkuitu horretan erabat murgilduta daudenek, alegia. Gu ez gara hainbeste ibiltzen eta ez dut horrelako presiorik, beraz, momentuz behintzat, lasai nago. Eguna iritsitakoan ikusiko da, baina gogoa gehiago daukat urduritasuna baino, dudarik gabe.













