
Idatzi honen bitartez, Kale Nagusiko bizilagun eta dendari talde batek hilaren 7an egindako bileraren ondoren, EAJren Udal Gobernuarengana zuzentzen gara, lehenik eta behin, prentsaren bitartez egin duen adierazpena jaso dugula esateko, eta, bigarrenik, adierazpena aztertu eta gero hainbat iritzi azaltzeko.
LEHENA.- Udal gobernuak dio berak ez duela kalea oinezkoentzat jartzeko bigarren fasea gelditu, gune horretarako proiekturik ez dagoela argudiatuz, baina gu ez gaude horrekin ados, proiekturik ez egotea hori egiteko eskumena izanik gauzatu ez duenaren erantzukizuna delako. Bere garaian, Agenda 21en bidez, proiektu horren gaineko eztabaidetan parte hartu genuen. Erabaki zen Kale Nagusiari tratamendu bateratua emango zitzaiola bere osotasunean, eta horretarako 800.000 euro jarri ziren 2015eko aurrekontuetan. Espero genuen, egitasmoa lantzeko deitu ziguten bezala, era berean jakinaraziko zitzaigula horren inguruan aldaketa nabarmenik egin behar bazen.
BIGARRENA.- Egitasmoa gelditzeko beste arrazoien artean esaten dute lehentasunezkotzat jo dutela herriko beste leku batzuetan jarduerak egitea, aurreko ekitaldietako aurrekontuetan sartuta zeudela-eta, eta aukera horri zilegi deritzogu, baina nolabaiteko harridura eragiten digu, lan horietarako proiekturik ez zegoelakoan baikaude, eta horixe izan delako hain zuzen 2016an Kale Nagusiaren bigarren faseari ez ekiteko emandako arrazoia.
HIRUGARRENA.- Egitasmoa gelditzeko justifikazio moduan baliabide publikoen banaketa bidezkoa aipatzen dute, azken urteetako inbertsio gehienak erdigunean egin direla adieraziz. Kontrastatutako daturik ez badugu ere, baieztapen horrek zalantza batzuk sorrarazten dizkigu, eta datuak ezagutu nahi genituzke.
LAUGARRENA.- Jakin dugu udalak aparteko diru sarrera batzuk jaso behar dituela, 2016ko aurrekontuak egin zirenean aurreikusi gabeak, zeinek Kale Nagusiko lanen bigarren fasea aurtengo ekitaldian egitea ahalbidetuko luketen.
BOSGARRENA.- Kale Nagusian oinezkoentzat jarri gabe dagoen zatiaren egoerak bertan aktibitaterik ez egotea eragiten du egiten diren ekitaldi publikoei dagokienez, eta kasurik gehienetan ekitaldi horien ibilbidetik kanpo geratzen da. Gure iritziz, bigarren fasea gauzatzeak kalearen alde hori berraktibatzea ahalbidetuko luke.
Azkenik, adierazpenean Udaletxeko ateak zabalik daudela eta edonolako iradokizunak jasotzeko prestasuna dagoela gogorarazi zenutenez, gure asmoa da udal gobernuari eskari bat aurkeztea lehenbailehen Kale Nagusiko bigarren faseko bizilagunak eta dendariak bilera batera deitzeko.
Gure eskariari erantzungo diozuelakoan, adeitasunez agurtzen zaituztete goian aipatu den bilerara joan ziren Kale Nagusiko 21 bizilagunek eta 3 dendariek, bai eta, bileran parte hartu ez arren, idatziarekin bat egin duten beste 4 dendarik ere.
–Kale Nagusiko 21 bizilagun eta zazpi dendari. Legazpi.