Luis Izagirre Berasategi hil da
Luis Izagirre Berasategi jauna, Iruñean hil zen joan zen ostiralean, urriaren 31n, 81 urterekin. Jaiotzez beasaindarra zen eta 1936-07-28ko goizaldean, Nafarroatik sartu ziren indar armatu matxinatuek bere aita Andres Izagirre Aldanondo, 33 urteko harakina, hil zuten beste askorekin batera. Luisek hiru urte eta erdi zituen.
Familiak Beasaindik alde egin zuen eta Luisek albaitero‑lanetan jardun zuen Nafarroan. Iruñean bizi izan da, azken urteetan erretiroa hartuta. Bere bizitza osoan jasan behar izan zuen aita zenari egin ziotena eta hainbat ekintza eta protesta ere burutu zituen bere bizitzan zehar hori zela‑eta. Saiatu arren, ez zuen lortu erakundeetatik eta agintarietatik gertakari haren aitormenik eta are gutxiago justiziarik eta erreparaziorik.
Azken urteetan Beasainen egindako oroitzapen‑ekitaldietara beti etorri izan da, bai 2006an udalak antolatutakora eta baita 2012, 2013 eta 2014an oroigarri moduan jasotako fusilatuen monumentuaren inguruan antolatuetara ere.
Gure doluminak bere emazte eta seme‑alabei eta atseden beza bakean, bizitza osoan zehar bere aita zenaren heriotzaren zama gainean eraman behar izan duen Luisek.
–Alberto Alonso, Karlos Begue, Javier Garcia, Joan Jose Lasa, Josu Lopez, Migel Anjel Ruiz de Gauna eta Andoni Sarriegi.