Memoria barneratzailea eta osoa
Eusko Jaurlaritzaren Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak Irailaren 4an aurkeztu zuen Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri (1960-2010) lana. Herri honen errelatoa eraikitzeko bisio partekatua ezinbestekoa da eta ekarpen hau ere baliagarria izan daiteke, betiere, biktima guztien aitortza egiten bada. Aipatu lanean hainbat hutsune antzematen dira eta gogoeta egin nahi dugu honen harira.
Lau urte bete dira Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia egin zenetik eta lau urte ETA erakundeak behin betiko su etena iragarri zuenetik. Bakearen bidean eman ziren urrats haiek aukerak zabaldu zituen gatazka politikoa atzean uzteko, irabazle eta galtzaileen eskema gaindituz, eta bizikidetza normalizatu baten alde egineteko.
Bizikidetzak herritar guztien eskubideen defentsa bermatu behar du. Horretarako ezinbestekoa da errelato bakarraren eskema gainditzea eta mota guztietako indarkeria politikoa sufritu dutenek behar bezalako aitortza jasotzea, biktima guztien erreparazioan eragitea eta egia jakiteko eskubidea bermatzea.
Gure herriak bortizkeria sufritu du eta oraindik ere sufritzen du.Ukaezina da ETArenak hildakoak, zauritutakoak eta mehatxatutako pertsonak sortu dituela. Baina hori bezain argi dago Estatu espainiarraren bortizkeriak hildako, zauritu, atxilotu, torturatu, eta desagertu asko
sortu dituela.
Elkarbizitza demokratikoak ez du gure herrian tokirik izango, ez badira aurretik guztiok barnebiltzen gaituzten oinarri sendoak jartzen, ez badugu aurretik gure herrian gertatu den guztia aitortzen. Norabide horretan, alkateari eskatu diogu Memoria eta Biktimen Institutoari Ordiziako Jokin Perez de Viñaspre eta Juan Ramon Aranburu Estatu bortizkeriaren biktimen afitxak zerrendan txertatzea eskatzeko.
Halaber, hamarkadetako gatazka politikoak eragin dituen biktima guztien errekonozimendu eta aitortza, egia jakiteko eskubidea eta erreparazioaren aldeko mezua zabaltzeko ahalegin osoa egin dezala.
–Igor Eguren. Ordiziako EH Bilduren izenean.