PSE-EEren prentsa oharrari erantzuna
Idatzi honen bitartez, PSE-EEk komunikabideetara bidali duen komunikatuak sortu dizkigun harridura eta tristura azaldu nahi ditugu. Aipatutako komunikatua aurre-kanpainako ekintza bat besterik ez dela dirudi.
PSE-EEk ondo dakien moduan, inbertsioei dagokienez, gure taldeak bidai orri bat jarraitzen du: lehenengo herritarren parte hartzea, ondoren ondo zehaztutako proiektua eta, azkenik, egitea.
Prozedura hori erabiliz, herritarrek lehentasuna zuten bost inbertsioak zehaztu zituzten 2013ko amaieran: Santikutz, Aizkorri, Nafarroa, Laubide eta Kale Nagusia. Nafarroa kaleko lanak dagoeneko amaitu dira, Aizkorri eta Santikutzekoak amaitzen ari dira eta Kale Nagusikoa herritarrekin elkarlanean diseinatzen ari gara.
Argi dago PSE-EE axola zaizkion auzoez bakarrik arduratzen dela. Izan ere, Brinkola-Guriditegiko inbertsioa ere 2014ko aurrekontuetan dator eta PSE-EE ez da horretaz gogoratu. Laubide eta Arantzazu, horra hor bere kezken ardatza. Sozialistek ondo asko dakite auzo horietako egitasmoak zehazten egon garela (Laubidekoa, herritarren iritzia kontuan hartuta). Lan hau ez da egun batetik bestera egiten, noski. Abenduko osoko bilkuran bi egitasmo aurkeztuko ditugu. Inorekin kontsultatuko ez bagenu, askoz ere azkarrago egingo genituzke, baina ez da hori gure taldeak hautatu duen bidea. Hala egiten al du PSE-EEk?
Krisi garaian, zeuden zerbitzu guztiak mantentzeaz gain, berriak martxan jarri ditugu. Adibidez, auzoak erdigunearekin lotzen dituen Junetorri autobusa. Gainera, udalaren zorra 200.000 euro txikitu dugu eta auzoetan hobekuntza lanak egin ditugu (Itxaropen, San Martin…). Oraindik gauza asko daude egiteko. Hori dela eta, PSE-EEri komunikabideetara gezur gehiago ez bidaltzeko eta herria hobetzeko lan gehiago egiteko eskatu nahi diogu.
–Kepa Urzelai. Legazpiko alkatea.