Salbuespen politikarik ez! Bihar Donostiara!
EH Bilduk euskal preso politikoen aferan Estatuak mantentzen duen jarrera eta politika salatu eta euskal presoen eskubideak aldarrikatu nahi ditu. Aste honetan bertan Giza Eskubideen Nazioarteko eguna izan da, eta Euskal Herritik argi esan behar dugu Madriletik presoen aurka bitarteko bezala erabiltzen duen espetxe politika hori giza eskubide urraketan oinarritzen dela.
Egun eremu politiko, sozial eta instituzional ezberdinetatik gatazka eta bere ondorioak gainditzeko esfortzu eta ekarpen nabariak egiten diren bitartean, Estatutik kontrako norabidean ari dira, salbuespen neurriak bere horretan mantenduz.
Honetan ere, Estatua bakarrik geratu da, euskal gizartearen gehiengo zabala presoen eskubideak betetzearen alde baitago. Sakabanaketa eta horrek familietan duen eragina, preso gaixoen eskubideak ez betetzea, 70 urte baino gehiago duten presoen egoera, zigor gehiena betea dutenen egoera konpondu behar dela dio euskal gizarteak. Indarrean dagoen legediaren aplikazio hutsak hainbeste familien sufrimendua arinduko luke, euskal presoak Euskal Herriratuz eta gaixoak, 70 urtez gorakoak eta zigor gehiena betea dutenak askatuz.
Arrazoi bakarra dago pertsona guzti horiek ez kaleratzeko, normalizazio eta bakegintza prozesuak aurrera egitea eragoztea. Euskal gizartearen esku dago herri honen geroa, eta presoak dira Estatuak kontrolpean gorde dezakeen faktore bakarra.
Erabat paradoxikoa izanik ere ETAk jarduera armatua amaitu zuenetik, presoen egoerak okerrera baino ez du egin. Salbuespenezko egoerak muturrera eraman ditu PPk. Preso dauden pertsonen eskubideekin jokatzea erabat salagarria da eta Estatu espainolak giza eskubideen arloan duen gabeziak argi uzten ditu. Izan ere, martxan jarri dituen erreformekin Madrilek salbuespen politikaren ildoan sakondu nahi du, eta atzeraegintasunez, eskubideak murrizten duten legediak aplikatu.
Argi dago euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien neurriak izaera eta helburu politiko hutsak dituela. Azken kapitulua Espainiako Auzitegi Gorenaren mahai gainean dago Madrilgo gobernuak ez dituelako Europatik datozen arauak bete nahi. Kasu honetan epaileen elkarteetatik ere heldu dira salaketak, gobernutik presioak daudela argi eta garbi baieztatu ondoren.
Egoera honetan, presoen eskubideak aldarrikatzea, horiek betetzeko lan egitea bakearen eta konponbidearen alde jardutea da. Eta EH Bilduk bere lehentasunen artean du euskal presoen euskal herriratzea eta dituzten eskubideak errespetatzea.
Horrela, dauzkagun tresna guztiak erabiliko ditugu: bide judiziala jarraitu, iritzi publikoa eta aktibazio sozialak biderkatu, laguntza politiko eta instituzionala indartu beharra dago. Hori da gure konpromisoa eta zentzu horretan, bihar arratsalderako Donostian Salbuespen politikarik ez. Presoak etxera lemapean antolatu dugun manifestazioan parte hartzera animatzen zaituztegu goierritar guztiei.
–Iban Asenjo, Garbine Zurutuza eta Axular Barandiaran. Goierriko EH Bilduren izenean.