
Hasi dira Aralarren pista berriak eraikitzen. Joan den astean ekin zioten Intzensaotik Goroskintxura 1,5 kilometro luze izango den pista berria egiteari. 2003tik onartutako pista bat izan arren, urtarrilaren 30ean eman zion Enirio-Aralar mankomunitateak oniritzia proiektu horri, aho batez, eta hamar hilabete geroago gauzatuko da. Bost bat aste beharko dituzte pista egiteko, eta 138.000 euroko aurrekontua du.
Baina, pista hori jada polemika iturri baldin bazen —talde ekologistak eta Goierriko herritar asko kontra zeudelako—, Enirio-Aralar mankomunitateak urriaren 19ko batzarrean hartutako erabakiak are gehiago harrotu ditu hautsak. Izan ere, mankomunitatea eratzen duten herrien arteko aho batekotasuna hautsi zen, eta, bederatzi herriren babesarekin, pista gehiago egiteko proiektuari onespena eman zioten, Aralarreko borda ia guztietara erraz iristea bermatzeko helburuarekin. “Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017ko aurrekontuetarako zein behar genituen galdetu zigun, eta lehentasuna bordetara iristeko pistetan jarri genuen”, azaldu du Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkate eta mankomunitateak onartutako proposamena landu zuen lantaldeko kideak. Izan ere, mendiarekin muga egiten duten herrietako udalek —Amezketa, Abaltzisketa, Ataun eta Zaldibia—, sektoreko bi sindikatuek —ENBA eta EHNE— eta abeltzain eta artzainen ordezkariek osatutako lantaldeak landu zuen proposamena da batzarrak onartutakoa.
Ordizia, Beasain, Lazkao, Ataun, Altzaga, Arama, Gaintza, Amezketa eta Abaltzisketak egin zuten batzarrean pista gehiago eraikitzearen alde, eta Zaldibia, Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta eta Baliarrainek bozkatu zuten aurkeztutako proposamenaren kontra. Enirio-Aralar natur parkea kudeatzen duen mankomunitatearen onespenak guztira 15 kilometro arteko pistak eraikitzeko bidea irekitzen du. Inguru horretan 125 artzain eta abeltzain aritzen dira lanean maiatz eta azaro bitartean, eta pistak eraikitzeko erabakiak haien aspaldiko eskariari erantzuten diola zehaztu du mankomunitateak. 16.000 ardi eta 1.000 behi eta behor dituzte abeltzain horien artean.
Enirio-Aralar mankomunitateak inguruan dauden 40 bordetara iristeko bideak egin nahi ditu. Horien erdiek gaur egun ez dute bertara autoz iristeko modurik. “Nik uste dut denetara iristea ezinezkoa izango dela; baina batzuetara bai, iritsiko dira pistak, eta besteetara hurbiltzea da helburua, abeltzainen bizi baldintzak eta bizi kalitatea hobetzeko”.
V formako ibilbidea
Obren lehen pausoa Goroskintxurako pista izango da, 1,5 kilometrokoa, baina pista hori Saltarriraino luzatzea ere onartu du mankomunitateak, eta 4,4 kilometro luze izango da. Horrez gain, mankomunitateko batzarrak bidea ireki zion beste bi pista gehiago eraikitzeari. Horietako bat Eniriotik Doniturrietara joango litzateke, eta hirugarrena, luzeagoa, Ariñetatik (Amezketa inguruan) Igaratzaraino iritsiko litzateke. Doniturrietatik Igaratzarako pista jada badagoenez, V formako ibilbide bat osatuko lukete pista guztien artean, “Enirio eta Amezketa lotuz”.
Artzainak bai, pistak ez

Pisten inguruan sortu den polemikari dagokionez, Zubizarretak sektoreko eragile guztiek pisten beharra ikusten dutela nabarmendu du. “Landarlanekoek [pisten kontra mugitu den ingurumen elkartea] esaten digute ‘artzainak bai, baina pistak ez’. Baina joan zaitez sektoreko edozein eragilerengana, eta denek gauza bera esango dizute; artzain eta abeltzainen baldintzak hobetzen ez badira oso zaila dela Aralarren artzaintzaren jarduerari eustea, eta erreleboa behar bada gutxieneko bide berri batzuk egin behar direla. Eta hori esango dizute gaiari buruz zerbait dakiten eta esateko duten toki guztietan; bai Jaurlaritzako Nekazaritza Sailak, bai foru aldundiak, bai sektoreko sindikatuek, landa garapenerako agentziek, Idiazabalgo gaztaren sor-markak… Honi buruz zerbait dakien edonork”.
Pistak eraikitzearen kontra hasiera-hasieratik agertu den eragileetako bat da Landarlan ingurumen elkartea. Koro Irazustabarrena elkarteko kideak “haserre eta minduta” hitz egin du pisten harira gertatzen ari den guztiari buruz. Obrak “presaka eta isilpean” hasi dituztela salatu du, eta elkarteak txosten teknikoak eskatu dituen arren ez dituela inoiz jaso. Pisten egitasmoak alde onik ez duela dio, eta alde txarrak bakarrik ikusten dizkio. “Pistak egiteko nahi hau ez da berria. 2002an gaia aztertu zen, eta argi gelditu zen kalteak onurak baino handiagoak zirela. Aranzadik ere hala ondorioztatu zuen gaiari buruzko azterketa sakona egin eta gero”.
Artzain eta abeltzainen kontra egiteko asmorik ez duela argitu du, halaber, Irazustabarrenak. “Eztabaida ez da artzaintza bai ala ez. Argi dago Aralarko larreak giza jarduerak sortutakoak direla, baina ezin da ahaztu natur parkean habitat ezberdinak daudela, denak balio naturalistiko handikoak, eta balio kultural eta arkeologiko handia ere badagoela. Beraz, artzaintza eta abeltzaintza ereduari buruz egin behar da eztabaida, ez pistei buruz”. Ildo horretan, Landarlaneko kideak dio bateragarritasuna bilatu behar dela abeltzaintzaren eta iraunkortasunaren artean. “Kontserbazioa eta artzaintza ez daude kontrajarriak”. Irazustabarrenak, bestalde, artzainen artean ere pisten inguruko erabateko adostasunik ez dagoela ohartarazi du, eta nabarmendu du artzainen arazoak ez direla pistak eginez konponduko. “Larreak pistaz betetzea nori komeni zaio?”, bota du galdera.
“Jarduerari eustea ezinbestekoa da, horri esker
baita Enirio-Aralar gaur egun dena”
Jon Zubizarreta (Abaltzisketako alkatea)
“Eztabaida artzaintza eta abeltzaintza ereduari
buruz egin behar da, ez pistei buruz”
Koro Irazustabarrena (Landarlan ingurumen elkartea)
Landarlanek pista berriak eraikitzeko egitasmoa bertan behera uztea du helburu; bai mankomunitateari eta bai foru aldundiari eskatuta, eta baita, azkenaldian, herri mobilizazioaren bidez ere. Pistak egin gabe artzainen bizi baldintzak hobetzeko moduak badaudela uste du Irazustabarrenak. Ildo horretan, jada eraikita dauden pistetatik hurbil borda hutsak badaudela dio, eta horiek aprobetxa litezkeela. Elkartearen beste proposamenetako bat borden berrantolaketa egitea da.
Baina hori “zentzugabekeria” dela iruditzen zaio Abaltzisketako alkateari. “Aralarreko abeltzainen jarduera ezagutzen duen edonork esango dizu txabolak gaur egun bideak eginda dauden lekuetara eramateak ez duela inolako zentzurik. Bordak antolatzeko modua ez da kapritxoz egindakoa, aspaldiko antolaketa bati erantzuten dio, borda bakoitzari egokitzen zaizkion larreak kontuan hartuta egindako antolaketa bati. Artzain bakoitzari dagozkion larreen inguruetan daude kokatuta txabolak, ardiak egunero eraman eta ekarri ahal izateko, eta artalde batek besteari bazka ez kentzeko”.
Abeltzainen interesak
Gutxi batzuen interesak gehiengoaren gainetik jartzea egozten diete Landarlanekoek mankomunitateari eta foru aldundiari. Haien arabera, 125 artzain eta abeltzain inguru aritzen dira eremu horretan, baina, “Aralar herri mendia denez”, mankomunitatea osatzen duten herrietako herritar guztien interesak jarri behar dira horren gainetik. “Kasu honetan abeltzainen interesak bakarrik hartu dira kontuan, eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatu bat baino ez da egin”, azaldu du Irazustabarrenak. Landarlanekoak, baina, kalteak handiak izango direla azaldu du: “Pistek zirkulazioa handituko dute, eta, baimenduak izan edo ez, Aralarko edozein puntutara iristeko aukera emango die 4×4 autoei; larreak moztuko dira; obrarako hondeamakinak sartu eta larriki desitxuratuko dute paisaia; lurzoruaren higadura handituko da, akuiferoak eta babestutako landaredia hondatuko dira eta baita artzaintzak sortutako hainbat elementu arkeologiko suntsitu ere, legez babestuta ez daudenak”. Aralar natur parkea izanik eta Europako Natura 2000 sarean egonik, hura babesteko neurriak exijitu ditu Landarlanekoak.
Zubizarretaren aburuz, Aralarri kalte handiagoa egingo lioke artzaintzaren jarduera desagertzeak, pista horiek egiteak baino. “Izan ere, Enirio-Aralarrek duen paisaia, eta jendeak hainbeste defendatzen duen Aralar hori, larre irekiak dituen mendi eremu hori, ez litzateke horrela izango abeltzainen jarduera gabe; sasiak jango luke dena, eta gero baso bihurtuko litzateke. Gainera, Europatik esaten digutenean habitat hori babestu eta mendiko larre horiek mantendu behar ditugula, jarduerari eustea ezinbestekoa da, jarduera horrek egiten baitu Enirio-Aralar gaur egun dena”.
Polemikak polemika, Enirio-Aralar mankomunitateak hiru pista berri egiteari oniritzia emanda, foru aldundiak 2017rako onartuko dituen aurrekontuen arabera gauzatuko dira. “Daukagun diruaren arabera lehentasunak erabaki, ingurumen inpaktuaren azterketak egin, eta baimenak lortu ondoren hasiko lirateke obrak”, azaldu du Zubizarretak.
Enirio-Aralar Mankomunitateak sabotajea arbuiatu du, aho batez
Intzensaotik Goroskintxurako mendi bidea egiteko lanak hasi berriak dituzte Aralarren, eta, iragan astelehenean, makinetan sabotaje bat izan zela ohartu ziren langileak. Enirio-Aralar mankomunitateak nabarmendu du 1,5 kilometroko pista hori egiteko erabakia mankomunitateak berak «aho batez» hartu zuela, eta erasoa «gogor» salatu du, elkarteko ordezkari guztiek onartutako idazkian: mankomunitateak aho batez hartutako erabakiaren kontrako erasotzat jo dute sabotajea. Mankomunitateak «demokratikoki» hartutako erabakia ez dela eraso horregatik «zapuztuko» eta «gauzatu» egingo dela erantsi dute, eta babesa agertu diote lanean ari den enpresari.
“Bide berriekin gazte gehiago animatuko dira artzain izatera”
Aralarko Latosa izeneko eremuan du Josu Oiartzabalek (Errenteria, 1978) borda. Urtean zehar sei hilabetez egoten da bertan, eta, beste sei, Errenterian. Autoa aparkatzen duen lekutik ordubete behar du bordara oinez joateko. Beste artzain eta abeltzain batzuekin batera, bordetara pistak egitea eskatu zien Enirio-Aralar mankomunitateari aurtengo udaberri aldera, eta haiek onartu egin dute proiektua. Hasi dira obrak, jada.
Nola aldatuko da zure egunerokotasuna pista berriak egiten dituztenean ?
Urteak daramatzat autoa uzten dudan lekutik txabolara oinez joaten. Zazpi bat kilometro dira, guztira. Gaur egun, txabolara joateko ordubete behar dut. Bide berriekin hogei bat minututan iritsiko nintzateke.
Aralarko pisten inguruko proiektua aurten hasiko dira gauzatzen; eskakizuna, ordea, ez da berria.
Aspalditik datorren proiektua da. Artzain moduan hasi berritan nengoenean sortu zen ideia, 2002. urte aldera. Bizi-baldintza duinak eskatzen genituen baina mankomunitatetik ezezko biribila jaso genuenez, bertan behera gelditu zen eskaera. Aurtengo udaberri aldera artzainok bildu eta mankomunitateari bideak berritzeko eskakizuna egin genion. Izan ere, 25 bat artzainek ez daukagu txabolara joateko biderik.
Proiektuaren kontrako iritziak ere badaude.
Ulertzen dut jendea aurka egotea. Izan ere, bakoitzak bere iritzia eta ikuspegia dauka, artzainok gurea daukagun bezala. Jendeak txabolara joateko bideak kapritxoz eskatu ditugula uste du, eta ez da horrela. Eguraldi ona dagoen egunetan Aralarrera gerturatzen direnek “ondo bizi zarete, gero!” esaten digute. Eguraldi txarra egite duenean, ordea, inor ez da joaten mendira, eta gu egun horietan ere bertan egoten gara.
Proiektuari alde txarrik ikusten al diozu?
Ez diot alde txarrik ikusten. Guretzat oso positiboa izango da, erraztasun handiak emango baitizkigu. Bideak esan bezala eta behar diren lekuetatik egiten badira, obrek ez dute ezer txarrik. Legeak eskatzen dituen pausoak ari dira ematen, eta bide onetik doa dena.
Zuretzat, beraz, behar-beharrezkoa da bordetara joateko pistak egitea.
Bai. Gutxieneko bizi-baldintza batzuk edukitzea beharrezkoa dugu. Horrela izan ezean, Aralar pixkana-pixkanaka hiltzen joango da. Artzain batzuk jubilatzera doaz eta horien txabolak hutsik geldituko dira. Nire iritziz, bide berriekin gazte gehiago animatuko dira artzain moduan lan egitera.