Zorionak Goierri!!
–Leire Barandiaran (Goierriko Gure Esku Dagoren izenean)
Zorionak. Berriz ere handia egin dugu. Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu ditugu eskuz esku. Etorkizuna gure esku dagoela aldarrikatzeko. Zer izan nahi dugun, erabaki nahi dugula ozen adierazteko.
Eta hori zuei esker egin dugu, zuek egin duzue. Ekainaren 10ean autobusa hartu eta Zuiako udalerrira joan zineten milaka goierritarrei esker, baita, hilabeteetan zehar ezinezkoa zirudiena posible izan zedin, lanean aritu zareten dozenaka herritarrei esker ere.
175.000 pertsonek osatu dugu 201,9 kilometroko bidea. 175.000 arrazoi erabakitzeko eskubidea gauzatzeko. Eta goierritarrak ere bertan izan gara. Duela 10 urte eskualde txiki honetan abiatu genuen ibilbidea borobiltzeko. Eredu bat borobiltzeko. Elkarlanean, elkarrekiko errespetuan eta herritarren protagonismoan oinarritutako eredua.
Bidea ordea ez zen igandean amaitu. Ekainaren 10ean mugarri garrantzitsu bat jarri genuen erabakirako bidean. Ziklo berri bat irekitzen ari gara Euskal Herrian. Eskubide zibil eta politikoen defentsan, erabakitzeko eskubidean eta demokrazian oinarrituko den ziklo berria. Herritarron ahotsa ezinbestekoa izango den zikloa.
Jarraitu dezagun bidea egiten. Jende zoriontsua izan nahi dugulako herri libre batean!
–Leire Barandiaran (Goierriko Gure Esku Dagoren izenean)