Euskaraldia Haztegin
| HAZTEGI IKASTOLA EUSKARALDIAREKIN BAT | Ikastolako langileak eta DBHOko ikasleak Euskaraldian parte hartuko dugu. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean egin dezagun euskaraz. Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragin genezake. ANIMA ZAITEZTE! Informazio osagarria: Euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta beren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea izango da Euskaraldia ekimenaren lehenengo helburua. Hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatua denez, bestetik, 2019an, mota guztietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea izango da beste helburua. Aktibazioa hitzak martxan jartzea esan nahi du. Hizkuntzaren erabilerari lotutako kontzeptua da, euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortu nahi delako. Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrri proposamena egin zaie, Ahobizi eta Belarriprest rolak hartzeko. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak. Antolaketan, beraz, auzo, herri zein eskualde ezberdinetako euskaltzale taldeak arituko gara, eta baita elkarte, enpresa zein erakunde ezberdinetakoak ere.













