Euskaraldia Ordizian
Honezkero jakingo duzuenez, Euskal Herri osoan euskararen aldeko ekimen eder bat gauzatuko da laster: Euskaraldia! Azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3ra arte 11 egunez euskaraz bizitzeko aukera emango digu...
Honezkero jakingo duzuenez, Euskal Herri osoan euskararen aldeko ekimen eder bat gauzatuko da laster: Euskaraldia! Azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3ra arte 11 egunez euskaraz bizitzeko aukera emango digu lehen aldiz antolatuko den kanpaina horrek. Jakintza ikastolak ilusioz helduko dio Euskaraldiari; ekimena 16 urtetik gorakoentzat soilik denez, 16 urtetik gorakoak ekimenean partaide izatera bultzatuko ditugu, eta gaztetxoenentzako gure Euskaraldia antolatuko dugu. Irakasle eta langileok ere bat egingo dugu ekimenarekin! Era berean, zuek ere parte hartzeak izugarri poztuko gintuzke. Zuen seme-alabekin etxean hizkuntza ohiturak sendotu zein aldatzeko abagune aparta izan daiteke, eta eredu paregabea izango litzateke gainera! Ez hori bakarrik, Ordiziako euskara erabilera pixkanaka gora egiten ari bada ere, bultzada handia behar du oraindik. Gure ohiturak aldatuz gero ingurukoenak ere alda genitzake! Euskara behar dugu eta euskarak behar gaitu!
Parte hartzeko izena eman beharra dago, eta ohar honen bitartez horretara animatu nahi zaituztegu!
Izena ematerako garaian rol bat aukeratu beharko duzue:
- Belarriprest: euskaraz dakiten guztiei zuri euskaraz egiteko gonbitea egingo diezu. Euskara ulertzen duzula adieraziko diezu eta zurekin euskaraz hitz egin dezatela eskatu. Zuk euskaraz edo erdaraz erantzungo duzu, baina zuri euskaraz egiteko eskatuko duzu.
- Ahobizi: euskaraz egingo diezu ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin arituko zara euskaraz. Ezagutzen ez dituzunekin lehen hitza euskaraz egingo duzu, eta ulertzen baldin badute, hortik aurrerakoak ere bai.
Izena emateko edota informazio gehiago jasotzeko sar zaitezte ondorengo helbide honetan: euskaraldia.eus
Izena eman ondoren hautatutako rolaren txapa eskuratuko duzue. Ordiziako Euskaraldiko batzordeak banatuko ditu txapak.
Amaitzeko, urriaren 26an arratsaldeko 19:00etan Ordiziako plazan egingo den aurkezpen festara gonbidatzen zaituztegu.
Euskaraldian bat egingo dugulakoan, agur bero bat.
Hona hemen Jakintza ikastolaren hamaikakoa!
Egin bat gurekin!