Sanitas Alcobendas 27 – AMPO Ordizia 33
Zailtasun handiko erronka izan du asteburuan AMPO Ordizian Alcobendasen jokatu den Ohorezko dibisioko 14.jardunaldian. Beste emaitzek eraginik ez eta sailkapeneko laugarren tokia zuen Ordiziako tokiak irabazi ala galdu. Baina Las Terrazaseko zelaitik zerbait positiboa eskertzeko nahia zuen Goierriko taldeak eta horretarako aritu da lanean aurreko egunetan Altamiran. Joanekoan bi zati desberdinak ikusi ziren Ordizian. Lehenengoan... Read More
Zailtasun handiko erronka izan du asteburuan AMPO Ordizian Alcobendasen jokatu den Ohorezko dibisioko 14.jardunaldian. Beste emaitzek eraginik ez eta sailkapeneko laugarren tokia zuen Ordiziako tokiak irabazi ala galdu. Baina Las Terrazaseko zelaitik zerbait positiboa eskertzeko nahia zuen Goierriko taldeak eta horretarako aritu da lanean aurreko egunetan Altamiran.
Joanekoan bi zati desberdinak ikusi ziren Ordizian. Lehenengoan AMPO Ordizia askoz hobe aritu zen eta erraz irabaziko zuela zirudien. Baina bigarren zatian bisitariak hobera eginez irabazi egin zuen. Hala, itzuliko partidurako asmoa maila altuan aritzea zen, behar beharrezkoa Sanitas Alcobensari aurre egiteko.
Partidua hasi eta AMPO Ordiziak etxekoen 22ko markara iristea lortu dute, baina avant batek baloia madrildarren eskuetan jarri du arriskua urrunduz. Hortik gutxira Asier Kortak eraman du arriskua hiru laurdeneko lerroaren jokaldi on batez, baina Alcobendasek ondo defenditu du. Ordiziaren alde zigor kolpea egin ondoren igo dira lehenengo hiru tantoak markagailura. Eta geroxeago berdindu dute madrildarrek.
Ordiziarren defentsa hautsita lortu du lehenengo entsegua Alcobendaseko Semplek, Martinezek transformatua. 10 eta 3 markagailuan. Julen Goiak zelaia utzi du gero, bizkarrean kolpe bat jasota. Lander Mujika atera da zelaira bere ordez. Arriskuan egon da AMPOren entsegu marka, 10 metrora bi mele jokatuta, baina ondo defendituta ezerezean geratu da madrildarren ahalegina 25.minutuan.
Une horretan AMPO Ordiziak baloia eskuratu eta jokatu du aurkarien 22.lerroraino. Albotik aterata baloia lapurtu duen batean goierritarren aldeko zigor kolpe bat adierazi du epaileak. Hiru tanto igo ditu markagailura Cruzek, distantzia murriztuz. AMPOk lanean jarraitu du, arriskua sortaraziz. Touche bat lapurtzean Jaime Navari txartel horia erakutsi dio epaileak, Alvarez de Eulateri airean zegoela falta egiteagatik. Zigor kolpea beraz, touchera ostikada, touchea irabazi eta Oier Goiaren lehenengo entsegua, etxekoen defentsa hautsita. Cruzek transformatu ondoren atsedena iritsi da. 10 eta 13 markagailuan.
Bigarren zatia
Bigarren zatiko lehenengo jokaldi arriskutsua Moalak sortu du, meletik irten eta entsegu lerrotik gertu geratzean. Baina zigor kolpea egon da eta Alcobendasek baloia berreskuratu du. Touche bat irabazi eta jokaldiak lotuz, bigarren entsegua egin du Ordiziak. Goiak berriz ere, Cruzek transformatuta, 10 eta 20 markagailuan. Nava zelaira bueltatu da eta segidan hiru tanto gehiago egin ditu Cruzek.
Bost metrora melea irabazita Alcobendasen zigor kolpea eragin du Ordiziak. Melean jokatzea aukeratuta, bultzadaren indarrarekin lortu da hirugarren entsegua, Siosua Moalarena 56.minutuan. Transformatuta, 10 eta 30 markagailuan 65.minutuan.
Alcobendasek une horretan sortu du arrisku gehien, bi entsegu lortuz, lehenengoa transformatuta. Baina AMPOk lanean segitu du, jokoa orekatuz. Ondo aritu dira bi taldeak hankarekin, erasoan, eta Alcobendasek azken minutuan entsegu bat gehiago egin du, laugarrena.
27 eta 33 emaitzarekin garaipen garrantzitsua lortu du AMPO Ordiziak. Sailkapeneko laugarren tokian lasai segitzen du eta ligako helburuak lortzea bere lanaren baita dago. Baina lo hartu gabe, azken urteotako ligarik orekatsuena baitago jokoan.
Hurrengo hitzordua hilaren 27an Aldro Independiente Rugbyren kontra Altamiran jokatuko da. Elkar ondo ezagutzen duten bi taldeen arteko aurrez aurreko borrokatua izango da.
Argakia: Cachaphotography