Amildegira begira
Askotan zeharkatu dut Ormaiztegiko zubia. Baina inoiz ez oinez. Inoiz egon gabe nengoen hemen, zubiaren erdian, geldik, amildegira begira. Ez nuke jakingo zenbat metro dauden… Berrogeita hamar? Gehiago? Gutxiago agian? Tira, nahikoa, seguru, gehiegi. Hotza egiten du, jakina, udaberrian gaude, eguraldi ederra bai, baina haizea fin dago, goizeko ordu hauetan are gehiago. Arropa nahikoa badut...
http://xegun.eus/amildegira-begira/
Askotan zeharkatu dut Ormaiztegiko zubia. Baina inoiz ez oinez. Inoiz egon gabe nengoen hemen, zubiaren erdian, geldik, amildegira begira. Ez nuke jakingo zenbat metro dauden… Berrogeita hamar? Gehiago? Gutxiago agian? Tira, nahikoa, seguru, gehiegi. Hotza egiten du, jakina, udaberrian gaude, eguraldi ederra bai, baina haizea fin dago, goizeko ordu hauetan are gehiago. Arropa nahikoa badut ere, dardarka nago. Hotzagatik ez bada, ikaragatik. Ikaratuta bainago. Ezin dut sinetsi hemen egotea. Ezin sinistuta nago egitera noana. Zin dagizuet gaur arte inoiz ez nuela horrelako ezer pentsatu. Baina bizitzak gauza hauek gordetzen ditu isilpean; hortxe, garunaren txokoren batean gordea zegoen agian, nork jakin, baina ez dauka bueltarik. Hementxe nago, hotzak, Ormaiztegiko zubiaren erdian amildegira begira. Altuera handia dago; nahikoa, seguru, gehiegi. Izu hotzikara batek goitik behera zeharkatzen nau. Ez da broma hemen egotea, baina hemen nago. Kito.
Bat batean esnatu naiz gaur goizean, bizitzak belarrira oihukatu dit… “Sorpresa!! Xahartu zara, mende erdia osatu duzu!!” Kolpean zutitu naiz, eta jakina, ez nago kolpean ezer egiteko adinean, bizkarrak krak egin dit. Jarraian oroitu dut bikotekideak ere zoriondu nauela lo zorroan nengoela, lanera joan da, mintegi bat zuen. “Zorionak, maittia!!”. Korrika zebilen eta ez da gehiago luzatu elkarrizketa. Lankideak zain zituen, lankide gazteagoak, argiagoak… “ago” askokoak.
Eta ni orain hemen nago…
Haize fina dabil hemen goian, trenek zeharkatzen zuten burdinazko zubi honetan, nire hankak sorgortuta dauzkat, ez dakit hotzagatik edo behera begiratzeak sortzen didan izuagatik. Mende erdia, uste dut beldurtuta eta shock egoeran nagoela, lehen bailen amaitu nahi dut. Sabela ere pisutsu daukat, gosea izan daiteke… edo ez, ez dut uste egoera honen aurrean inork goserik izan dezaken. Ez da gosea, izua da. Ez dut gosaldu. Zertarako?
Nire oinen azpian zabaltzen den amildegira begiratzen dut. Lagunak datozkit gogora, lankideak, ezagunak, okindegikoa, harategikoa eta esne gutxidun kafe ebakia prestatzen didan tabernaria… ez lukete pentsatu ere egingo ni hemen, hau egiteko zorian egongo nintzatekeenik, baina bai, hemen nago, eta egingo dudala erabakita nago. Ez dakit ausardia den edo erokeria. Zintzoa izango naiz, ez dut nire burua errudun ikusten, bai, adin honetara iristeak depresio txiki bat sortu dit… baina ez dakit horrek ekarri ote nauen hona… nork jakin, baina atzera bueltarik ez dago.
Ez dakit bizitza ondo profitatu dudan, bai, gozatu dut une askotan, zoriontsu izan naiz maiz ere. Gauzak serioago hartu nitzakeela? Agian. Gorago igotzeko gaitasuna izan dudala? Baliteke, hori uste dut, baina hementxe nago, nahi izan dudana izan naiz, esango nuke, ez daukat zentzu horretan kexatzeko arrazoirik. Ingurukoek agian, baina ez dut uste. Lanean, lagunekin, familian, bikotekidearekin, seme-alabekin… neurria eman dudala esango nuke.
Bizitako une asko datozkit burura. Amarekin, anai-arrebekin, seme-alabekin, bikotekidearekin, lagunekin… zoriontsua izan naiz, zer arraio! Askotan aurpegiratu didate irribarrea nire aurpegian ikustea ez zela oso ohikoa, baina ez nago ados, egin dut. Tira, ondo pasatu dut… Beraiek izan dira nire opari handiena. Gaur oparirik ez nuela nahi argi esan nien etxekoei.
Nire bihotza danborraren antzera dabil taupadaka. Behera begiratu eta zorabiatu egiten naiz. Hamar arte kontatuko dut. Edo hobe nuke berrogeita hamar arte kontatzea? Ez, ez dut egoera hau gehiegi luzatu nahi. Ez dakit honekin jarraitu edo ez, zailena egin dudala esango nuke… baina atzera egiterik banu ere, hori al da egin nahi dudana? Beldurrak ezin nau koldartu.
Ordezko hortzak ez zaizkit beherakoan eroriko, nireak dira denak. Burusoil ez nago, ilea urdinduta, ez erabat baina bai. Ederki nago, ez daukat kexatzerik… bizi nago. Oraindik. Ni, ni naiz, naizen bezalakoa. Baina listo. Iritsi da unea. Ez dut hau gehiago luzatu nahi. Banoa.
Eta ziust! Jauzi eta oinak zubitik aldentzen ditut, hutsera, ezerezera. Begiak ixten ditut, bat batean gazte, nerabe sentitzen naiz kasi. Begiak ireki ditut. Izuak, ikarak, terroreak beherako bidean noala larrua ferekatzen didate, lurrerantz noa, begiak berriro itxi eta oihu, deiadar egiten dut. Garrasi.
Eta zast! Une horretan, lurra muturraren aurrean dudanean, orkatiletara lotuta ditudan sokek estutu eta nire erortze hori eten eta bizitza geratuko balitz bezala sentitzen dut… eta ziust… berriro goraka tiratzen nau indar elastiko batek. Uala… hegan noa.
Nire bizitzako lehen “puenting” jauzia amaitu da. Hementxe nago, buruz behera zintzilik.
Seme-alabak oihuka entzuten ditut zubi gainean jauzika eta bibaka. Ez zuten sinesten egingo nuenik. Opari ederra egin didate. Barrez ari dira, baita ni ere, nire burua entzuten dut barrez, histeriko, baina barrez.
Behera jaisten naute poliki, negarrez nago, hunkituta, eta hara, bikotekidea dut beran zain. Besarkatu egiten nau. Muxu. Ez nuen ba pentsatuko bera gabe ospatuko nituenik nire berrogeita hamargarren urtebetetzea, ezta?
Orain bai, gosaltzeko ordua da. Garagardo bat nahiago kafesne bat baino. Berriro bizitzara bueltan nago. Beldurtuta egon izana lelokeria dirudi orain, hemen. Etxekoak eta familiak elkarrekin ospatu dugu. Egun zoragarria izan da. “Mende erdi zoriontsua!!”, dio salako horman itsatsita dagoen kartel handi batek. Eta irribarre egiten dut, egia delako. Izan ere zoriontsuagoa ezin naiteke izan. Bizitzak ezusteak ematen ditu, onak eta txarrak, txantxak egiten dizkigu batzuetan, eta gu bitartean zoriontsu izatea derrigortuta gaude. Zer bestela?
Bizitzara jauzi egiteko ausardia ezin dugu galdu, ezta?