Burdina biguntzen zuen herria
Gure herrian bagenekien burdina biguntzen. Noiz ikasi genuen? Nork jakin. Ni jaio baino askoz lehenago, hori ziur. Burdina hantxe zegoen, gu baino lehen. Mendietan. Burdinoletan. Sutegietan. Tailerretan. Gero lantegietara iritsi zen, eta gure artean geratu. Berotu egin behar zen. Asko. Gori-gori jarri arte; une egokiaren zain egon, eta orduan jo. Gogor jo. Behin. Beste behin. Continue Reading
Gure herrian bagenekien burdina biguntzen.
Noiz ikasi genuen? Nork jakin.
Ni jaio baino askoz lehenago, hori ziur.
Burdina hantxe zegoen, gu baino lehen.
Mendietan. Burdinoletan. Sutegietan. Tailerretan. Gero lantegietara iritsi zen, eta gure artean geratu.
Berotu egin behar zen.
Asko.
Gori-gori jarri arte; une egokiaren zain egon, eta orduan jo.
Gogor jo.
Behin.
Beste behin.
Eta berriro.
Burdinak suntsiezina zirudien, baina ez zen.
Ondo lantzen jakinez gero, amore ematen zuen.
Luzatu, tolestu, moztu, leundu zenezakeen. Tresna bihurtu. Makina baten pieza. Atxurra. Torlojua. Giltza. Mailua.
Ia edozer.
Legazpin belaunaldiak generamatzan horretan.
Pertsonekin zailagoa zen.
Aita zenak Patricio Echeverrían egiten zuen lan.
Doikuntzan.
Nik ez nekien oso ondo zer zen hori, baina gustatzen zitzaidan esatea. Lanbide garrantzitsua zirudien.
Doikuntza.
—Aita zuk zer egiten duzu?
— Doitu.
— Zer?
— Gauzak.
Urteetan nahikoa azalpen izan zen hura niretzat.
Lantegia herriaren parte zen, lantegi baten ondoan hazi ez denari azaltzen zaila zaion modu batean.
Begiratzen ez zenionean ere han zegoen.
Tximinietan. Kamioietan. Bizikletetan. Langileen etorbidean behera zihoazen langileengan.
Gure orduak edozein erlojuk baino hobeto antolatzen zituen sirenaren hotsak.
Zaratak.
Eta, batez ere, usainak.
Aita etxera usain hura arropan itsatsita itzultzen zen.
Taladrina. Olioa. Izerdia. Burdina.
Ehun langileen artean, begiak itxita ere, aitaren usaina ezagutuko nuke gaur.
Metalezko fianbrera sukaldeko mahai gainean utzi eta eskuak garbitzen zituen.
Asko garbitzen zituen.
Urarekin lehenengo. Gero xaboiarekin. Ondoren, azkazalak harraska ondoan gordetzen zuen eskuila txiki batekin igurzten zituen.
Hala ere, ez zituen sekula erabat garbi uzten.
Beltza hatzetako azaleko arrakaletan barruraino sartuta geratzen zitzaion.
Nik uste nuen burdinarekin lan egiten zutenak horrela jaiotzen zirela, eskuak zikin.
Barka.
Eskuak beltz.
Arratsalde batean bereziki nekatuta iritsi zen.
Jaka aulki baten gainean utzi, fianbrera mahai gainean jarri eta eseri egin zen, oinetakoak kendu ere egin gabe.
— Zer duzu, aita?
— Ezer ez.
Garai hartako gurasoek ezer ez ziren gauza asko zituzten.
Ezer ez ziren minak. Ezer ez ziren kezkak. Ezer ez ziren egun txarrak.
Fianbrera ireki nuen.
Ogi puska bat eta tortilla erdia zeuden.
— Tortilla dago!
Aitak burua altxatu zuen.
— Biharko egin beharrik ez.
Tortillari begira geratu nintzen.
Berak niri begiratu zidan.
Nik berriro tortillari.
Ez dakit nolako aurpegia jarri nuen, baina hasperen egin zuen.
— Jan lasai.
— Dena?
Ez zuen erantzun. Puska txiki bat moztu nuen.
— Hartu gehiago.
Azkenean ia erdia jan nuen.
— Eskerrak gaur gose ez nengoen. Egunen batean jan gabe utziko nauzu -esan zidan serio.
Mastekatzeari utzi nuen.
Bederatzi edo hamar urte izango nituen, baina ederki nekien aita bat jan gabe uztea gauza serioa zela.
Tortilla itzultzen saiatu nintzen.
Irribarre egin zuen.
—Jan zuk gaur. Bihar ikusiko dugu.
Jaten jarraitu nuen.
Aitak ogi puska batekin fianbreraren hondoa garbitu zuen, hondarrak biltzeko.
Gaur arte ez nuen arratsalde hartan pentsatu.
Lantegia gogoratzen nuen, noski.
Sirena.
Langileak sartu eta irteten.
Aitaren arroparen usaina.
Haren eskuak.
Urte asko behar izan nituen gauza batzuk nahasten ari nintzela ulertzeko.
Aita gizon gogorra zela uste nuen. Esku latzak zituelako. Gutxi hitz egiten zuelako. Haserretzen zenean bekain bat altxatzea nahikoa zuelako bost seme-alabok tente jartzeko.
Baina oker nenbilen.
Ez zen gogorra.
Eusten zekien.
Garai hartako Legazpin pentsatzen dudanean, burdina entzuten dut oraindik.
Makinak. Sirena-hotsa. Lantegitik zetorren mailu-hotsa.
Laneko buzo urdinak ikusten ditut. Horma baten kontra utzitako bizikletak. Eskuetako arrakaletan beltza zeramaten langileak.
Baina aitarekin gogoratzen naizenean, zarata desagertu egiten da.
Etxeko sukaldera itzultzen naiz.
Metalezko fianbrera mahai gainean.
Bera eserita, oinetakoak kendu gabe.
Eskuak zikin.
Barka.
Beltz.
Ni haren aurrean, bere tortilla jaten.
Bera, ogi puska batekin fianbreraren hondoa garbitzen.
Gure herrian bagenekien burdina biguntzen.













