ideiarik ez!
Egunero bezala idazteko ordua zuen. Baina itxuran, burua lehor geratu zitzaion. Koadernoa ireki eta orrialdeak ez zeuden txuri: hutsik baizik. Okerragoa zen hori. Txuri egoteak aukerak zabaltzen zituen. Hutsik kontzeptu ezkorra zen ordea. Modu klasikoa probatu zuen: leihotik begiratzea itzal handiko idazlearen keinuaz. Hamar minutu geroago aurkikuntza bakarra egin zuen, bizilagunak berak baino okerrago esekitzen Continue Reading
Egunero bezala idazteko ordua zuen. Baina itxuran, burua lehor geratu zitzaion. Koadernoa ireki eta orrialdeak ez zeuden txuri: hutsik baizik. Okerragoa zen hori. Txuri egoteak aukerak zabaltzen zituen. Hutsik kontzeptu ezkorra zen ordea.
Modu klasikoa probatu zuen: leihotik begiratzea itzal handiko idazlearen keinuaz. Hamar minutu geroago aurkikuntza bakarra egin zuen, bizilagunak berak baino okerrago esekitzen zituela arropak.
Burura zetorkion lehen hitza idazten saiatu zen.
“Harria”.
Begira geratu zen.
Esaldia osatzen hasi zuen.
“Harri bat bazegoen…”
Ezer ere ez.
Modu zientifikoari heltzea pentsatu zuen.
Dado bat atera zuen idazmahaiko kaxoitik.
Bat ateratzen bazen, maitasunari buruz.
Bi, abenturak.
Hiru, misterioa.
Lau, animaliak.
Bost, gerra.
Sei, koilara bat.
Sei atera zen.
Hauxe idatzi zuen.
“Koilara astearte arrats batean iritsi zen herrira”.
Bat-batean interes apur bat piztu zitzaion.
Ez zion gehiegi iraun.
Beste teknika batekin saiatu zen: liburua itsuan ireki eta behatzarekin hitz bat aukeratzea.
Hitza: estolda.
Idatzi zuen:
“Koilara, astearte arrats batean iritsi zen herrira, eta estolda batetik behera desagertu zen”.
Tira.
Zerbait bazen hor.
Animatuta, beste ausazko hitz bat gehitzea erabaki zuen.
“Enperadore”.
Hauxe sortu zuen ordura arte:
“Koilara, astearte arrats batean iritsi zen herrira, eta estolda batetik behera desagertu zen. Enperadore izendatu zuten”.
Geldi geratu zen.
Berriro irakurri zuen.
Ez zegoen ondo.
Oso gaizki ere ez.
Aurrera ba.
Ordu erdian lau orrialde idatzi zituen. Mahai-tresnek gobernatutako lurrazpiko inperio bati eta Napoleonen jarraitzaile zen sardexka idealistegi batek antolatutako matxinadari buruz.
Amaitzean berriro irakurri zuen.
Absurdoa zen. Zentzugabea zen. Segur aski irakurtezina.
Baina burua jada ez zuen lehor sentitzen.
Zerbait ikasi zuen arratsalde hartan: ideiak ez ziren aurkitu zain ezkutatuta egoten.
Zirikatu egin behar zaie, protestaka bada ere, irten daitezen.













